Itxi

EUSKO LEGEBILTZARRA

Etxebizitza legearen proiektua onartu dute batzordean

EITB.EUS

Aurreikusitakoaren arabera, Etxebizitza Batzordeak argi berdea eman ondoren, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onartuko da Etxebizitza Legea, ekainean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordeak gaur eman dio onespena etxebizitzaren lege-proposamenari. PSE-EEk proposatutako testuak, EH Bildu eta UPyDren babesa jaso du. EAJ eta PP arau berriaren kontra agertu dira. Besteak beste, bankuei aldi baterako etxeen jabetza kentzea, etxe hutsak kanon batez zigortzea eta etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzea jasotzen du lege berriak.

Bixe Itxaso PSE-EEren legebiltzarkideak esan du proposamenak ez doala "konstituzioaren izpirituaren kontra". Itxasoren ustez, gainera, Konstituzioak 47. Artikuluan jasotzen duen etxebizitza "duina" izateko eskubidea da gauzatu nahi dutena.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduren legebiltzarkideak "anbizioz" jokatzeko deia egin du, herritarrek etxebizitzarako duten eskubidea bermatzeko. Gainera, argudio ekonomikoekin ekimena errefusatzen dutenak kritikatu ditu, eta osasunak eta hezkuntzak ere kostu handia dutela eta ez direla zalantzan jartzen gogorarazi du.

UPyDren aldetik, berriz, Gorka Maneirok azpimarratu du lege "justua eta aurrerakoia" dela. Era berean, testuak "aurrera atera ahal izateko baldintza guztiak" betetzen dituela adierazi du.

EAJ proposamenaren kontra dago, eta Norberto Aldaiturriagak ohartarazi du "segurtasun juridiko gabezia" eragin dezakeela. Hala ere, banketxeek dituzten etxebizitzak desjabetzearen alde agertu da, baina hori arautzeko eremua Diputatuen Kongresua dela esan du.

Laura Garrido PPren legebiltzarkideak uste du Konstituzionalak agerian utzi zuela "Estatuaren eskumena" dela.

Izan ere, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, atzoko agerraldian, gogora ekarri zuen Andaluziako Etxebizitza Legearekin gertatutakoa; Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du lege andaluziarra, Espainiako Gobernuaren eskumenak urratzen dituelakoan.

Duela bi urtetik Legebiltzarrean lanean ari den lantaldeak maiatzaren hasieran amaitu zuen ekimen honi buruzko txostena, eta hainbat aldaketa egin dituzte PSE-EEren lege-proposamenean oinarrituta.

Eusko Legebiltzarrak legea behin betiko onartzeko, hala ere, osoko bilkuran egin beharko dute bozketa; EAJ eta PP kontra dauden arren, PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk ez dute arazorik izango proposamena aurrera ateratzeko, gehiengo osoa baitute.

Testuan, etxebizitza edukitzeko eskubide subjektiboa aitortzen da, eta euren baliabideekin etxebizitza alokatu ezin dutenek auzitegietan eskatu ahal izango dutela Administrazioak bizitoki bat jartzea.

Hori bideratzeko zailtasunak direla eta, eskubidearen aplikazioa mailakatua izatea proposatzen dute testuan. Hala, legea indarrean jarri eta lehen hamabi hilabeteetan, eskubide subjektiboa hiru kide edo gehiago dituzten familiei aplikatuko zaie, 15.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte, eta erregistro ofizialean alokairurako izena emanda badute duela lau urtetik gutxienez.

Bigarren urtean, bi kideko familiek ere eskuratu ahalko dute etxebizitza lege hau baliatuz, 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte, eta erregistroan izena eman zutenetik gutxienez lau urte pasatu badira.

Hirugarren urtetik aurrera, norbanakoen eskubidea izango da, 9.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenen kasuan, eta, aurreko bietan bezala, erregistroan izena emanda urte horiek badaramatzate.

Eskubidea baliatzeko, gutxieneko soldata baino gutxiago irabazten dutenei ezingo zaie alokairua ordaintzeko errentaren % 15 baino gehiago eskatu. Kopuru hori % 30era igoko litzateke legeak aurreikusitako gainerako kolektiboetan.

Hutsik dauden pisuengatik zigor ekonomikoak jartzea ere jasotzen du lege-proposamenak. Isun moduko hori etxebizitzak bi urte hutsik daramanean jarriko da, eta 10 eurokoa izango da metro koadroko. Kanona % 10 garestituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko, eta gehienez ere hirukoiztu egingo da hasierako kanona.

Halaber, hutsik dauden etxeak alokairuan jarri beharra aurreikusten du legeak. Gainera, EAEn eraikitzen diren etxebizitza publikoen % 80 alokairura bideratuko dira lehenengo bost urteetan, eta, ondoren, guztiak bideratuko dituzte horretara.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)