Bilera Bartzelonan
Colau: 'Hurrengo alkatea ni izango naizela egintzat jo du Triasek'
Agentziak | Erredakzioa
Alkatetza kentzeko proposamena “bere ideia izan ez” dela azaldu dio jarduneko alkateak Colauri, hauteskundeetako irabazleak berak azaldu duenez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Hurrengo alkatea bera izango dela “egintzat jo” du Xavier Trias (CiU) jarduneko alkateak, Ada Colau (BComu) Bartzelonako hauteskundeen irabazleak jakitera eman duenez. Bi buruzagiek bilera egin dute gaur.
Transferentzia mahaia ostegun honetan bildu dela adierazi du Colauk, hau da, kargua uzten duen gobernua eta hurrengo exekutiboa bildu dira.
Triasek alkate ez izateko oztopoak jartzeko aukerari dagokionez, “azpikeria” dela salatu du Colauk. Alkatetza kentzeko proposamena “bere ideia izan ez dela eta PPk eta hiriko botere ekonomikoek” proposatu diotela azaldu dio jarduneko alkateak Colauri, hauteskundeetako irabazleak berak azaldu duenez.
Colauk eta Triasek ordubeteko elkarrizketa izan dute jarduneko alkatearen bulego ofizialean. Bien bitartean, udaletxeko galeria Gotikoan dozenaka kazetari zain zeuden. Bi buruzagien arteko agurra ezin izan dute ikusi kazetariek.
“Erabateko adeitasuna”
Bileraren ondoren, batzarraren “erabateko adeitasuna” goraipatu du Colauk. Bi aldeek “tonu egokia mantentzeko” jarrera azaldu dutela erantsi du. Zentzu horretan, “kanpainako eta ohiko tonuei amaiera emateko” borondatea azaldu dute. “Harreman adeitsua” izateko borondatea agertu dute, nahiz eta “desadostasunak” izan.
ERCk, PSCk eta PPk babesa ematen baldin bazioten alkate izaten jarraitzeko atea zabalik utzi du Triasek goizean, baina Jaume Collboni eta Alfred Bosch PSCko eta ERCko alkategaiek, hurrenez hurren, Trias “alkate egitea” baztertu dute.