Izendapena
Aintzane Ezenarrok zuzenduko du Memoriaren Institutua
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak iragarri duenez, Institutua Bilbon egongo da, Euskadiko Artxibo Historikoa zegoen eraikinean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aintzane Ezenarrok zuzenduko du Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak ostiral honetan iragarri duenez. Iragarpen honekin batera, Institutuaren egoitza Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoaren eraikinean, egongo dela ere jakinarazi du Fernandezek.
Eusko Legebiltzarrean eman du izendapenaren berri Jonan Fernandezek, Monika Hernando Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Ezenarro bera ondoan zituela. Fernandezen hitzetan, Aralarreko legebiltzarkide ohiak "ibilbide luze eta sendoa eta ezagutza sakona" du biktimen alorrean, eta, hala, pertsona "egokia" da Institutua zuzentzeko.
Izan ere, iazko apiriletik Bake eta Bizikidetza Idazkaritzan aritu da Ezenarro, biktimei zuzendutako politiken aholkulari gisa. Izendapenaren berri eman ondoren egin dituen adierazpenetan,"herri honek merezi duen memoria eraikitzen" saiatuko dela azpimarratu du Ezenarrok.
Legebiltzarrak 2014ko azaroan onartu zuen Memoriaren Institutua sortzeko Legea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Memoriaren, Elkarbizitzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren eginkizuna Euskal Autonomia Erkidegoan bake eta elkarbizitza gaietan egiten diren politikak koordinatzea izango da, "terrorismoa, indarkeria edo giza eskubideen urraketa legitimatzen duen historia bat berridaztea saihesteko". Legearen arabera, sei hilabeteko epea zegoen Institutua martxan jartzeko behar ziren dekretuak onartu eta zuzendaria aukeratzeko.
Jonan Fernandezek jakitera eman duenez, Institutua Bilbon kokatuko da, Euskadiko Artxibo Historikoa zegoenaren eraikinean. Bi arrazoi eman ditu Bake eta Bizikidetzako idazkari nagusiak bertan jartzeko: batetik, "kostu handia eragingo ez zuen" egoitza nahi zuten, eta eraikin hau "eginda eta egokituta" dago, eta bestetik, "kontsentsu maila handia" egotea nahi zuten, hiriburu baten alde eginda besteek izan zezaketen "konnotazioak" bazter uzteko.
Institutua azaroaren 10ean inauguratuko dute, egun horretan Memoriaren Eguna dela baliatuta. Ezenarro, berriz, ekainean izendatuko du Iñigo Urkullu lehendakariak Institutuko zuzendari.
"Herri honek merezi duen" memoriaren alde lanean
Aintzane Ezenarrok "esker ona" erakutsi du agerraldian Urkullu lehendakariak, Jonan Fernandezek eta Monika Hernandok emandako "konfiantzagatik". Haren esanetan, "ohorea da" Institutua zuzentzea, eta "erronka garrantzitsu" eta "erantzukizun handi" honi "arduraz eta ilusioz" ekingo diola esan du.
Ezenarrok azpimarratu duenez, Institutuan egingo duen lana "talde-lana" izango da, "herri honek behar duen eta merezi duen memoria eraikitzeko". "Saiatuko gara biktimak gogoan hartuta, gogoeta kolektiboa eginda eta, batez ere, ikasiaz, etorkin hobe bat egiten", erantsi du.
2003tik, biktimei lotutako jarduera publikoan
Aintzane Ezenarrok (Getaria, 1971) biktimei lotutako jarduera publikoa 2003an hasi zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan zenean lehenengo, eta legebiltzarkide izanda gero (2005-2012). Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko kide izan zen, baita Terrorismoaren Biktimen Lantaldeko kidea ere. Terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako 4/2008 legea prestatzen parte hartu zuen. Garai hartan, Estatuko biktimen elkarteak bisitatu zituen Giza Eskubideen Batzordeko orduko presidentearekin, Iñigo Urkullurekin.
Horrez gain, motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimen lantaldeko kide izan zen Legebiltzarrean. 2012an, Bake eta Bizikidetzarako lantaldearen sorrera bultzatu zuen, eta bertan, zoru etikoa adostu. 2013ko ekainetik hona, Eusko Jaurlaritzako aholkularia izan da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean, Bake eta Bizikidetza gaietarako. Zehazki, Adi-adian modulua, ikastetxeetara biktimen testigantza eramateko ekimena, indartzearen arduraduna izan da.
2014ko apirilean, Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren lantaldera batu zen Ezenarro, biktimei zuzendutako politiken aholkulari gisa. Ezenarrorekin batera, Enrique Ullibarriana ere izendatu zuten aholkulari, Txema Urkijok Idazkaritzan utzitako lekua betez.