Eusko Legebiltzarra
Frackinga debekatzea aztertuko duen txosten-batzordea sortu dute
Agentziak | Erredakzioa
Lehen bilera datorren asteartean egingo du txosten-batzordeak. Proposamenaren behin betiko bozketa uztaila baino lehen egin ahal izatea espero du EH Bilduk.
Frackingaren aurkako herri-ekimen legegilearen zuzenketak aztertzeko txosten-batzordea osatu du gaur Eusko Legebiltzarrak. EAEko 100.000 herritar baino gehiagok proposamenari babesa eman zioten. Gasa ateratzeko teknika polemikoa Euskadin debekatzea planteatzen du ekimenak.
Txosten-batzordea sortzea onartu dute Gasteizko Ganberaren Ingurumen Batzordean. Javier Carrok (EAJ), Dani Maeztuk (EH Bildu), Natalia Rojok (PSE-EE) eta Mari Carmen Lopez de Ocarizek (PP) osatuko dute.
Lehen bilera datorren asteartean egingo du txosten-batzordeak. Ganberako alderdi guztiek, PPk izan ezik, aurkeztutako zuzenketak aztertuko ditu txosten-batzordeak. Frackinga gasa lurpetik ateratzeko teknika bat da eta ingurumenean eragin ditzakeen kalteek polemika piztu dute aldekoen eta kontrakoen artean.
Herri-ekimen legegilea 100.000 herritar baino gehiagok sinatu zuten. Haustura hidraulikoa Euskadin debekatzea proposatzen du herri-ekimenak. EH Bilduk eta PSEk zuzenketak aurkeztu eta haustura hidraulikoa saihesteko formula ezberdinak proposatu zituzten.
Bestalde, ingurumenean izan dezakeen eragina zehazten duen azterketa independente bat bukatu baino lehen teknika ez erabiltzeko luzamendu bat proposatu zuen EAJk. UPyD debekuaren aurka agertu zen bere zuzenketetan, baina teknika segurtasun neurri handiekin erabiltzea defendatu zuen.
Epeak
Eztabaida aurreneko bileran “amaitu” ahal izatea espero du Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) txosten-batzordeko presidenteak.
Horrela, proposamenaren behin betiko bozketa uztaila baino lehen egin ahal izatea espero du Beitialarrangoitiak.