Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Biktima guztien arteko hurbilketa eskatu du Pedrosaren alargunak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Alde bateko zein besteko biktimen arteko hurbilketa" babestu du Jesus Mari Pedrosaren alargunak, Carmen Hernandezek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jesus Maria Pedrosa 2000ko ekainaren 4an Durangon ETAk hildako zinegotzi popularraren alarguna, Carmen Hernandez, "alde bateko zein besteko biktimen arteko hurbilketaren alde" agertu da, bizikidetza eraikitzeko.

Hori horrela, elkar ulertzea eskatu die alderdi politikoei, eta erantzukizuna aitortzea "terrorismoa babestu eta justifikatu dutenei".

Hernandez "Boulevard" Radio Euskadiko saioan izan da gaur, ETAk senarra hil zuela 15 urte bete diren egunean.

Pedrosaren alargunak aitortu du "bi aldeetan sufrimendu handia" egon dela, eta, horrenbestez, "banakako autokritika" edota "autokritika kolektiboak" egitea eskatu du.

Bilera ETAko kide ohi batekin

Hernandez ezin izan zen bildu senarraren hiltzaileekin, lehergaiak garraiatzen ari zirela hil baitziren, baina ETAko kide damutu batekin batzartu ahal izan zen.

"Espetxean 20 urte zeramatzan mutil bat zen; hirugarren graduan zegoen eta hilketak egin zituen, baina oso damututa zegoen. Esan nion mina hor dagoela, baina hori iraganeko kontua dela. Mea culpa esan zuen, eta hausnarketa hori da niretzat baliagarria izan zena", adierazi du.

Pedrosaren alargunaren esanetan, barkamena eskatzea ez da beharrezkoa, baina bai "egindako kaltea txarto dagoela aitortzea, gauzak egiteko beste modu bat zegoela esatea".

"Nik bide horretan jarraitzeko aholkatu nion", gaineratu du.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)