Biktimekin bilerak
Urkulluk 'asmoak eta kezkak' partekatuko ditu gaur biktimekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehendakariak bilera egingo du arratsaldean biktimekin, ateak itxita, eta bihar ekitaldi irekia izango da Donostian, biktimak, biktima elkarteak eta gizarteko ordezkariak bertan direla.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justizia sailburuak adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak terrorismoaren biktimek dituzten "asmoak eta kezkak" partekatuko dituela horiekin gaur arratsaldean egitekoa duen bileran. Bihar Donostian egingo den ekitaldi irekian, berriz, biktimez eta biktima elkarteez gain, gizarteko ordezkariek ere parte hartuko dutela, eta horrela biktimen eta gizartearen arteko elkarrekintzari buruzko hausnarketa partekatu ahal izango dutela azaldu du.
IVAPek antolaturiko "Euskadiko udal-lege baten beharraren aurrean" jardunaldia inauguratzeko ekitaldian egin ditu Erkorekak adierazpen horiek.
Erkorekaren esanetan, gaurko eta biharko ekitaldiek bi helburu dituzte: batetik, biktimen kezkak eta helburuak entzutea, eta, bestetik, horiek gizartean izan behar duten rolari eta biktimen eta gizartearen arteko elkarrekintzari buruzko hausnarketa partekatzea.
Horren harian, gaurko bilera ateak itxita egingo dutela iragarri du Erkorekak, horren helburua biktimen hausnarketak, kezkak eta asmoak modu diskretuan partekatzea baita.
Jaurlaritza biktimei entzuteko eta, ahal den neurrian, horien kezkak eta asmoak bideratzeko prest dagoela nabarmendu du bozeramaileak.