Itxi

Udalen osaketa

EAJren Arabako exekutiboak Marotoren 'keinua' aztertuko du gaur

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gasteizko Udala osatzeko lau egun falta direnean, Javier Maroto PPren hautagaiak ez du oraindik akordiorik lortu alkate izaten jarraitzeko.

Javier Maroto Gasteizko PPren alkategaiak arrazakeriaren eta iruzurraren aurkako konpromisoa eskaini zien atzo oposizioko taldeei, asteburuan Andoni Ortuzarrek "keinu bat" eskatu ondoren. Gaur, Marotoren agerraldiaren ostean, bilerak egingo dituzte EAJren eta PPren exekutiboek, Araban.

Gasteizko Udala osatzeko lau egun falta direnean, Javier Maroto PPren hautagaiak ez du oraindik akordiorik lortu alkate izaten jarraitzeko. Maiatzeko hauteskundeetan 9 zinegotzi lortu zituen PPk, eta oposizioan dauden alderdiek ituna egingo balute, Maroto Alkatetzatik botako lukete.

Larunbatean, “keinu bat” eskatu zion Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Marotori. Erakunde bat "gaizki gobernatuta" dagoela sumatzen badute, jeltzaleek egoera horri konponbidea bilatuko diotela ohartarazi zuen Ortuzarrek. Bi egun geroago etorri da Marotoren erantzuna.

Marotoren hitzetan, atzo aurkeztutako “konpromiso etikoa” EAJk eskatutako “keinutik harago doa”, ez baitu inork bere izena arrazakeriarekin lotzerik nahi. Horrez gain, etorkinen inguruan ez dela “argiegi” mintzatu onartu zuen Marotok.

Horregatik, alkate izendatzen badute, datorren astean Gora Gasteiz plataformarekin bilera egiteko konpromisoa hartu du Javier Marotok. Bazterkeriaren aurka dagoen hiriburua nahi du Gora Gasteizek, eta Maroto Alkatetzatik kanporatzeko akordioa eskatu dio oposizioari.

Marotoren agerraldiaren ondoren, EAJren eta PPren exekutiboek bilerak egingo dituzte egunean zehar. Alfonso Alonso Osasun ministro eta Arabako PPren presidenteak zuzenduko du popularren bilera. EAJren kasuan, Xabier Agirre Arabako EAJren presidenteak gidatuko du.

PPk Ramiro Gonzalez jeltzaleen hautagaia Arabako diputatu nagusi aukeratu ahal izateko egin duen eskaintza ere mahai gainean izango da. EAJk hauteskundeak irabazi zituen Araban, 13 eserleku lortuta, baina ez zuen gehiengo absoluturik eskuratu.

Bestalde, Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko alkategaiak ez zien sinesgarritasunik eman Marotoren atzoko hitzei.

Albisteak (4)