Itxi

Segurtasunerako Legea

'Mozal legea'ren aurkako helegitea onartu du Auzitegi Konstituzionalak

Agentziak | Erredakzioa

PSOE, Izquierda Plural, UPyD, Compromis-Equo, Coalicion Canaria eta Geroa Baiko 50 diputatu baino gehiagok konstituzio-kontrakotasun helegitea bultzatu zuten.

'Mozal legea'ren aurkako protesta Diputatuen Kongresuaren aurrean. Artxiboko irudia: EFE

Herritarren Segurtasunerako Legearen aurka oposizioko talde gehienek aurkeztutako helegitea tramitera onartu du Auzitegi Konstituzionalak. Gobernuak, Diputatuen Kongresuak eta Senatuak 15 eguneko epea dute orain alegazioak aurkezteko.

Honenbestez, arauaren kontrako konstituzio-kontrakotasun helegitea tramitera onartu dute. Hala ere, ?mozal legea? uztailaren 1ean sartuko da indarrean. PSOE, Izquierda Plural, UPyD, Compromis-Equo, Coalicion Canaria eta Geroa Baiko 50 diputatu baino gehiagok helegitea bultzatu zuten.

Helegitea onartzearekin gaiaren inguruko erabakirik ez dutela hartu argitu du Konstituzionalak. Ebazpena laster plazaratuko dutela erantsi du. Oposizioko ordezkariek araua ?mozal legea? izendatu zuten, Gobernuak gizartearen protestak oztopatzeko helburuarekin egin duela iritzita.

Francisco Martinez Segurtasunerako Estatu idazkariak, ostera, lege berria 1992ko araua, 'Corcuera legea', baino ?garantistagoa? dela adierazi zuen. Horregatik, ?lasai? agertu zen, Konstituzionalak horren legezkotasuna berretsiko zuela sinetsita.

Besteak beste, Atzerritarren Legea aldatzen duen xedapen gehigarria Konstituzioaren kontrakoa dela planteatzen du oposizioak helegitean, ?mozal legea?k Ceutako eta Melillako mugetan etorkinak ?berehala itzultzeko? aukera legeztatzen duelako. Etorkinek asiloa eta babesa eskatzeko duten eskubidea urratzen du horrek, Antonio Hernando Kongresuko PSOEren bozeramailearen arabera.

Albisteak (2)