eusko legebiltzarra
Etxebizitza Legea, onartuta
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSE-EEren, EH Bilduren eta UPyDren aldeko botoekin onartu dute legea. PPk eta EAJk aurka bozkatu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Legebiltzarrak Etxebizitza Legea onartu du gaur, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk alde bozkatuta. EAJk eta PPk aurkako boza eman dute. Kontra bozkatu arren, jeltzaleek kudeatu beharko dute legea. Dagoeneko iragarri dute ez dutela errekurrituko.
Kontra bozkatu arren, jeltzaleek kudeatu beharko dute legea. Dagoeneko iragarri dute ez dutela errekurrituko. Boto bateko aldearekin atera da aurrera Legea; EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk 38 legebiltzarkide batzen dituzte, eta EAJk eta PPk, 37. Popularrek eta jeltzaleek gogor kritikatu dute legea, eta akordiorik bilatzeko ahaleginik egin ez izana egotzi diete sozialistei.
Lege-proposamenaren idatzia maiatzaren 27an onartu zuten, eta hainbat nobedade jasotzen ditu arau berriak. Hautsik gehien harrotu duenetakoa etxebizitza izateko eskubide subjektiboarena da. EAEko herritar guztiek izango dute etxebizitza izateko eskubide subjektiboa. Etxebizitza bat lortzeko baliabiderik ez dutenek Administrazioari eskatu ahal izango diote legez.
Bankuei etxeen jabetza aldi baterako kentzeko aukera ere jasotzen du legeak. Hustu nahi duten etxebizitzaren jabetza hartu ahal izango du bere esku Administrazioak, maizterrek han bizitzen segitu ahal izateko. Etxebizitzak bankuei eta haien mendeko erakundeei aldi baterako kentzeko aukera izango du Administrazioak.
Bestalde, eskubidea gauzatzeko, etxebizitzan bizi den familia-unitatearen diru-sarrerek gutxieneko soldata gainditzen ez badute, ezingo zaie alokairu gisa errentaren % 15 baino gehiago eskatu. Legeak aurreikusitako gainerako kolektiboetan, kopuru hori ezingo da diru-sarreren % 30 baino handiagoa izan.
Era berean, hutsik dauden pisuengatik zigor ekonomikoak jartzea jasotzen du lege berriak. Isun moduko hori etxebizitzak bi urte hutsik daramatzanean jarriko da, eta 10 eurokoa izango da metro koadroko. Hala ere, kanon hori % 10 garestituko da hutsik jarraitzen duen urte bakoitzeko, eta gehienez ere hasierako kanonaren hirukoitza izan ahalko da.