Elkarrizketa
Presoen sakabanaketa 'arazo politiko tragikoa' da, Iglesiasen ustez
agentziak | erredakzioa
Podemosen idazkari nagusiaren arabera, "Euskal Herriko gatazka politikoak, erregimenarentzat funtsezkoa zenak, zentralitatea galdu du" ETAk armak uzteko erabakia hartu ostean.
Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusiaren ustez, "arazo politiko tragikoa da oraindik 400-500 euskal preso familiengandik ehunka kilometrora dauden espetxeetan egotea", New Left Review aldizkarian egin dioten elkarrizketa baten arabera.
Iglesiasek elkarrizketan azaltzen duenez, "Euskal Herriko gatazka politikoak, erregimenarentzat funtsezkoa zenak, zentralitatea galdu du" ETAk armak uzteko erabakia hartu ostean. "Baina oraindik 400-500 preso daude familiengandik ehunka kilometrora dauden espetxeetan. Oraindik arazo politiko tragikoa da", gaineratu du.
Podemosen buruaren arabera, "auzi nazionala" da ziurrenik "78ko erregimenak" irekita utzi duen gai garrantzitsuena, eta "odola isurtzen" aritu da Euskal Herrian zein Katalunian, trantsizio garaitik.
Politikari espainiarraren iritzian, "euskal auziak zentralitatea galdu ahala", Kataluniakoa "nagusitzen" joan da, eta "2014an Podemos agertzen hasi arte, Katalunia zen erregimenaren krisia gehien irudikatzen zuena".