Itxi

Berdintasunaren mapa udaletan

Hego Euskal Herriko alkateen % 23 baino ez dira emakumeak

David Perez | eitb.eus

Alderdi politikoek ez dute parekotasun eraginkorraren alde egin: udal hauteskundetarako zerrendaburuen artean, % 32,58 baino ez dira izan emakumezkoak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Berdintasuna urrun dago oraindik Hego Euskal Herriko udaletan. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako alkateen % 23,2 baino ez dira emakumezkoak maiatzaren 24ko hauteskundeen ostean, eitb.eus-ek egiaztatu duenez, Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetarako Estatu Idazkaritzaren Alkateen Errolda aztertuta.

Hain zuzen ere, EAEko udalen % 25,5ean baino ez dute gobernatzen emakumeek. Nafarroaren kasuan, are txikiagoa da datua: % 21,15. Zenbakien arabera, sexuen arteko parekotasuna urrun dago, eta ez dute islatzen euskal gizartearen banaketa demografikoa (herritarren % 51 dira emakumeak EAEn, eta % 50,3 dira emakumeak Nafarroan) (*1).

Jo dezagun hiriburuetara: ez dago emakumezko alkaterik. Eta biztanle gehien dituzten 10 udalerrien artean, bi baino ez daude: Amaia del Campo (Barakaldo) eta Aintzane Urkijo (Santurtzi). 25 herri populatuenen datuak kontuan hartuta (*2), ehunekoa ez da askoz hobea: sei emakumezko agintean; arestian aipatutako biak eta Mari Carmen Urbieta (Leioa), Aitziber Irigoras (Durango), Maria Ubarretxena (Arrasate) eta Olatz Peon (Tolosa).

Lurralde historikoak aztertuta ere, joera berbera atzeman daiteke. Horren haritik, alkatetzetan emakume gehien dituena Araba da (% 26,42). Ondoren, Gipuzkoa (% 25,58) eta Bizkaia (% 25) daude.

Zenbat emakume zerrendaburu?

Argi dagoenez, hainbat faktore daude emakume bat alkate izan dadin. Adibidez, babes nahikoak lortu behar ditu hauteslekuetan eta inbestidura saioan, bai, baina aurretik bere alderdiak zerrendaburu gisa hautatu behar du. Hori horrela, halabeharrez egin beharreko galdera honakoa da: zenbat emakumezko izan dira alkategai maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan? Zerrendaburuen artean, gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak parekoak izan dira? Datuen arabera, ez: zerrendaburuen % 32,58 baino ez dira izan emakumezkoak Euskadin (*3)

Azalpenak Parekotasun Legearen zirrikituetan daude. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak 2007an erreformatu zuen Hauteskunde Legea, Berdintasun Legearen bitartez, zerrendetan parekotasuna ezartzeko. Hain justu, gutxienez zerrendetako kideen % 40 emakumeak izan behar direla jaso zuten arauan, baina ez zuten ezarri gizonak eta emakumeak zerrendetan txandakatu behar izatea. Horren ondorioz, gerta liteke alderdi batek bost gizon eta bost emakume izatea hautagaitza batean, baina emakumeak azken bost postuetan egotea, eta gizonezkoak lehen bostetan.

Beste hutsune bat legean: alderdiak ez daude behartuta zerrendaburu guztien artean gutxieneko emakumezko kopuru bat hautatzeko. Zein da ondorioa? Udaletako agintea gehienbat gizonen esku dagoela Hego Euskal Herrian. Era berean, gerta liteke udal bateko kide guztiak (alkatea zein zinegotziak) gizonezkoak izatea. Navaridas (Araba), Arteaga (Bizkaia), Abaltzisketa (Gipuzkoa) eta Arellano (Nafarroa) herrien kasua da hori.

Udal txikietan, berdintasunaren aldeko apustu eza argiagoa eta larriagoa da. Are gehiago, Berdintasun Legearen urraketa nabariak topa daitezke. Hiru adibide: EH Bilduk emakumezko bakarra aurkeztu zuen Karrantzako zerrendan (4.a zen 11 hautagairen artean), eta EAJk eta PPk, aldiz, bat ere ez Anoetan (9 hautagai ditu zerrendan) eta Alkizan (7 hautagai), hurrenez hurren.

Sigla politikoei dagokienez, beste "ezusteko" bat: alderdiek batik bat gizonak hautatu dituzte zerrendaburu. Horren ildotik, PSE-EEko alkategaien % 43,36 izan dira emakumeak, EH Bildukoen % 33,17, EAJkoen % 30 eta PPkoen % 24,71.

 

 

_______________________________________________

OHARRAK:

(*1) EAEko eta Nafarroako Estatistika Institutuen arabera, 2014ko datuak oinarri.

(*2) Hego Euskal Herriko 25 udalerri populatuenak hauek dira: Bilbo, Gasteiz, Iruñea, Donostia, Barakaldo, Getxo, Irun, Portugalete, Santurtzi, Basauri, Errenteria, Tutera, Leioa, Galdakao, Sestao, Durango, Eibar, Erandio, Zarautz, Arrasate, Barañain, Hernani, Laudio, Tolosa eta Burlata.

(*3) EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren zerrendak hartu dira kontuan, Hauteskunde Batzordeak aldarrikatutako eta Barne Ministerioak publikatutakoak. Ahal Dugu ez da aurkeztu udal hauteskundeetara, eta Irabaziren, UPyDren eta beste alderdien hautagaitzak ere ez dira zenbatu, zerrenda gutxiago aurkeztu dituztelako.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)