CIU-ren haustura
CDC eta UDC banandu egin dira Kongresuan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi alderdiek bozeramaile bana izango dute, eta eserlekuetan ere bananduta eseriko dira.
CiU koalizioa hautsi eta gero, CDC eta UDC banandu egin dira Kongresuan partekatzen duten talde parlamentarioan. Biek jarraitu egingo dute talde berean, Behe Ganberako araudiak ez baitu bestelako formularik baimentzen, baina azpitaldeak sortuko dituzte, eta alderdi bakoitzak bozeramaile propioa izango du.
Pere Macias CiUko bozeramaileordeak azaldu duenez, bi alderdiak batzartu egin dira gaur goizean, baina ez dute akordiorik lortu Kongresuan bakarra bailiran aritzen jarraitzeko.
Hori horrela, hemendik aurrera Josep Antoni Duran i Lleida izango da Unioko bozeramailea, eta Macias bera, Convergenciakoa.
Gainera, diputatuon artean bereizketa "fisikoa" ere egongo da: UDCren 6 diputatuak alde batetik eseriko dira, eta CDCko 10ak, bestetik.