EAJ-PSE AKORDIOA
PSE-EEk Enplegu eta Garraio sailak kudeatuko ditu Bizkaiko Aldundian
AGENTZIAK
Mikel Torres Bizkaiko sozialisten idazkari nagusiak eman du horren berri astelehen goizean.
Mikel Torresek (Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi eta Portugaleteko alkatea) gaur goizean jakinarazi duenez, Enplegua eta Gizarte Gaiak eta Garraioa eta Mugikortasuna izango dira sozialistek Bizkaiko Aldundian kudetuko dituzten sailak, EAJrekin sinatutako akordioaren barruan.
Aipatutako akordio programatikoari buruz galdetuta, agintari sozialistak nabarmendu du gobernu indartsua, egonkorra eta lurraldearekin konprometitua izango dela. "Badakigu Bizkaiak aukera ona duela aurretik, eta PSE-EEren presentziak ikuspegi sozialagoa emango dio, enpleguan eta indarberritze ekonomikoan oinarritutakoa", adierazi du.
Sozialistek zuzenduko dituzten sail biei dagokienez, Torresek esan du ahaldun nagusi berriak asteazkenean emango dituela jakitera, baina sailetako bat enpleguarena izango dela aurreratu du, "gizarte gaiei lotuta", "enplegua babes eta gizarteratze proiektuarekin uztartu behar delako".
Horrez gain, beste saila garraioarekin lotutakoa izango dela baieztatu du, "mugikortasunarekin eta lurraldearen kohesioarekin zerikusia duen gai batekin bat eginez, oso garrantzitsua baita Bizkaia ondo artikulatuta egon dadin".