Itxi

Memoria eta Bizikidetza

Jaurlaritzak 128 'udal erretratu' bildu ditu, memoria helburu

agentziak | erredakzioa

1960 eta 2010 artean ETAk, GALek eta segurtasun indarrek egin zituzten 707 hilketak jaso dituzte bertan. Azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, omenaldiak egitea bultzatzen du ekimenak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzak ETAk, GALek edo Estatuko segurtasun indarrek 1960tik 2010era EAEn egin zituzten 707 hilketaren inguruko informazioa bildu du, biktima horiek guztiak omentzen lagunduko duelakoan.

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak eta Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak "Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" txostena aurkeztu dute gaur.

Hiriburuen kasuan egin zen moduan, EAEko 128 udalerritan "jatorri politikoko indarkeria mota ororen edo terrorismoaren eraginez izandako bizitzarako eskubidearen urraketak" jaso dituzte.

Hala, 128 udal "erretratuetan" (Arabako 14, Bizkaiko 58 eta Gipuzkoako 56), urte horietan EAEn hil zituzten 707 pertsonen datuak bildu dituzte: 55 hil zituzten Araban, 258 Bizkaian eta 394 Gipuzkoan.

Omenaldiak Memoriaren Egunean

Horietako 572 ETAk eta Komando Autonomoek hil zituzten; 61, GALek, Batallon Vasco-Españolek, GAEk eta Triple Ak; 58, Estatuko segurtasun indarrek, eta 16 kasutan ez dago argi nork hil zituen. Hilketa gehienak (595) 1970 eta 1989 artean izan ziren.

Txostena ez dago itxita, udalen ekarpenak jasotzeko asmoa baitute, 52 kasutan informazioa falta baita, Eusko Jaurlaritzaren ustez.

Ezenarro eta Hernando alkateekin elkartuko dira uztailean, azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, omenaldiak antolatzeko, "memoria" hildakoen "herrietara gerturatzeko".

Txosten horietan EAEn hildakoen datuak jasotzen direla esan dute, biktimak EAEkoak izan ala ez, eta Jaurlaritza Espainiako beste lurralde batzuetan izandako "bizitzarako eskubidearen urraketei" buruzko informazioa jasotzeko lanean ari dela gaineratu dute.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)