Itxi

Salaketa

1976ko 'sarraskia' Bruselara eraman du Martxoak 3 Elkarteak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kexu bat eta hainbat txosten aurkeztu dizkiote Cecilia Wikstrom Eskaera Batzordeko presidenteari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Martxoak 3 Elkartea Europako Parlamentuan izan da gaur, 1976ko martxoan Gasteizen izan zen ‘sarraskia’ salatzeko. Poliziak Gasteizen bost langile tiroz hil zituen, eta oraindik ez da sarraski haren erantzukizunik argitu.

Elkarteko arduradunak Ana Messuti abokatuarekin batera, eta CEAQUEA Kereila Argentinarraren babeserako euskal plataformarekin eta Espainiako koordinadorarekin batera, Europako Parlamentuan izan dira gaur goizean. Kexu bat eta hainbat txosten aurkeztu dizkiote Cecilia Wikstrom Eskaera Batzordeko presidenteari.

Euren kausa babesten duten eurodiputatuekin ere biltzeko aukera izan dute aurretik, Izaskun Bilbao eta Josu Juaristi tartean, eta nazioarteko babesak lortzeko prozesu bat jarriko dute abian.

EAJk, EH Bilduk, Podemosek, IUk, Iniciativa per Catalunya Verdsek eta Compromisek elkartearen ekimena babestu dute. Martxoak 3 Elkarteak argi du PPren babesik ez duela izango. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Miren Larrion EH Bilduko zinegotzia ere Bruselan izan dira, elkarteko kideei babesa emateko.

Espainiako Gobernuak Martxoaren 3ko Biktimak ez onartzeak Oinarrizko Eskubideen Europako Eskutitza, Eskubide Politiko eta Zibilen Nazioarteko Hitzarmena eta memoria historikoaren nazioarteko gomendioak urratzen duela salatuko dute Europan.

Martxoak 3ko biktimen Elkarteak Europako herrialdeen aurrean agerian utzi nahi du "Espainiako Gobernuak ez duela giza eskubideen nazioarteko legedia errespetatzen” eta “1976ko diskurtsoari” eusten diola.

Era berean, testuan azaltzen denez, “Espainiako Gobernuak ukatu egin du krimen horien arduradunak atxilotzea eta estraditatzea, nahiz eta atxilotzeko nazioarteko agindua eduki bere gain Argentinan gizateriaren kontrako krimenengatik irekitako auziaren baitan”.

Andoni Txasco Martxoaren 3ko Elkarteko kideak azaldu du biktimen senideek Argentinako Justiziaren “jo behar” izan zutela konponketa bilatzeko, eta “Espainiako Gobernuak bermatzen duen inpunitatea” salatu du.

“Azken esperantza gisa, Europako Parlamentura gatoz, Espainia urratzen ari den nazioarteko arauak salatzera gatoz, jarrera hori zuzen dezala eskatzeko, eta Europako eta nazioarteko araudia bete dezan giza eskubideen alorrean”, azaldu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Audioak (1)