Eusko Legebiltzarra
Erkoreka: 'Udal Legearen inguruko jarrerak hurbiltzea zaila izango da'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Legebiltzarreko taldeek 451 zuzenketa jarri dizkiote Euskadiko udalen lege-proiektuari eta horiek “bateratzea” ia ezinezkoa izango dela esan du Josu Erkoreka Herri Administrazioko sailburuak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Legebiltzarreko taldeek 451 zuzenketa jarri dizkiote Euskadiko udalen lege-proiektuari eta jarrera ezberdin horiek “bateratzea” ia ezinezkoa izango dela adierazi du Josu Erkoreka Herri Administrazioko sailburuak.
Batzuen eta besteen artean “alde handia” dagoela azpimarratu du Erkorekak, baina Jaurlaritzak “adostasun esparruak” bilatzeko lan egingo duela agindu du. “Hala ere, denok egin beharko ditugu ahaleginak jarrerak hurbiltzeko”, erantsi du.
Legebiltzarrean izan dute eztabaidagai Euskadiko Udal Legearen proiektua, UPyDk jarritako osoko zuzenketa aztertzeko.
Berez, uztailean ez da osoko bilkurarik izaten, baina propio zabaldu dituzte ateak, Udal Legearen tramitazioa atzeratu ez dadin eta urtea amaitzerako onartua izan dadin.
Gaurko eztabaidan, UPyDren osoko zuzenketa aho batez baztertu dute gainerako talde guztiek, guztiek ikusten dutelako udal lege baten beharra. Egun, Euskadi da udal legerik ez duen erkidego bakarra.
Behin UPyDren osoko zuzenketa baztertuta, zuzenketa partzialen txanda izango da hil amaieran. Laugarren aldiz iritsi da udal lege bat Legebiltzarrera.
Jaurlaritzak EAEko Foru Aldundiekin eta Eudelekin egindako lanaren emaitza da gaur eztabaidatu dutena.