Auzitegi Nazionala
ETAko 8 preso inputatuta, gizateriaren kontrako krimenak egotzita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ANk inputatu gisa deklarazioa hartu nahi die Garikoitz Aspiazu, Mikel Albisu, Marisol Iparragirre, Mikel Garikoitz Karrera, Gorka Palacios, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi eta Aitor Elizarani.
Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak inputatu gisa deklarazioa hartu nahi die 8 euskal presori, gizateriaren kontrako krimenak egin dituztelakoan. Hori dela eta, epaileak erreguzko mandatua bidali dio Frantziari herrialde horretan espetxeratuta dauden 8 presori deklarazioa hartu ahal izateko baimen eske.
Garikoitz Aspiazu, Mikel Albisu, Marisol Iparragirre, Mikel Garikoitz Karrera, Gorka Palacios, Aitzol Iriondo, Jurdan Martitegi eta Aitor Elizaran dira inputatu dituzten presoak.
Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaitegiko 6. zenbakiko epaileak emandako autoaren arabera, ETAk gizarte zibilaren edota gizartearen zati baten kontrako eraso orokortua edota sistematikoa burutu zuen. Juan Pablo Gonzalez epailea 2004az geroztik ETAko ustezko buruzagi izan direnak ikertu nahi ditu eta horiek gizateriaren kontrako deliturik egin duten argitu.
Epaiaren arabera, biktimak arrazoi politiko edota ideologikoengatik jazarpena jasan zuten kolektiboetako kideak ziren, eta ETAk beldurraren edo indarkeriaren bidez horiek kanporatzea edota ezabatzea zuen helburu bere helburu politikoak lortzeko.
Magistratuak uztailaren 10ean ireki zuen ikerketa Dignidad y Justicia, Luis Portero Fundazioak eta ETAren beste hainbat biktimek jarritako kereila onartu ostean.
Autoan, ETAk 2004ko urriaren 1az geroztik egindako hilketa edota bahiketekin loturiko auzi guztiak zehazteko eskatu dio Gonzalezek Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari; hain zuzen ere, 2004ko urritik aurrerakoak zehaztea nahi du, une horretan sartu baitzuten Espainiako Zigor Kodean gizateriaren aurkako krimena -20 eta 30 urteko kartzelarekin zigortuta dago-.
Gainera, urte horietan ETAko ustezko buruzagiak izandakoak zehazteko ere eskatu du.