Elkarrizketa ETB-n
Ibarretxe: 'Erabakitzeko eskubidea estrategikoa da EAJrentzat'
erredakzioa
Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren ustez, "konfiantza berreskuratzen" doazen heinean, ezker abertzalearekin akordioetara iritsiko dira "herriaren etorkizunarentzat giltzarri diren gaietan".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Jose Ibarretxe lehendakariak argi adierazi nahi izan du: "Inor ez dadila nahastu EAJrekin. Argi dugu herri bat garela eta gure etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dugula".
Ibarretxek ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "baliteke gero jarrera taktiko desberdinak egotea, baina (EAJren) jokabide estrategikoa eta estrukturala da herri bat garela eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dugula".
Horren harira, esan du "gizartean batzuetan" badagoela "sentsazio bat ez ditugula garai berrien aukerak aprobetxatzen, ETA kanpoan dagoela aprobetxatzen". Gaineratu duenez, "nik dagoeneko ez dut aitzakiarik onartzen: Madrilek ez dit uzten, Parisek, Bruselak? Istorio horiek bigarren mailan geratu dira. Gaur egun ezerk ezin du gelditu borondate demokratikoa".
EAJren buruzagi ohiak uste du argi geratu dela hori Eskozian: "Voice or exit. Hitza ematen ez badidazu, alde egingo dut. Munduan orain gertatzen ari dena da ezinezkoa dela hitza ukatzea".
Kataluniari dagokionez, "prozesu ezinhobea" dela eta ez duela "atzera bueltarik" azpimarratu du.
Harremanak ezker abertzalearekin
Jeltzaleek ezker abertzalearekin duten harremanaz galdetuta, ez du "gizartea engainatu" nahi izan eta ez du uste "EAJk eta Batasunak erakundeak elkarrekin gobernatzeko konfiantza" dutenik, baina aitortu du "gizartearen zati handi batek" haien artean "gehiago hitz egitea" eskatzen duela eta "konfiantza berreskuratzen" doazen heinean, "zergatik ez gara ados jarriko herriaren etorkizunarentzat giltzarri diren gaietan?".
Bizimodu berria
1999tik 2009ra Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izan zenak baztertu egin du politikara itzultzea, bere agurrean esan baitzuen bere ibilbide politikoa Eusko Legebiltzarrean hasi eta amaitu zela.
Gainera, politika utzita "bizitza osorik" berreskuratzeko aukera izan duela azpimarratu du. Orain Agirre Lehendakaria Centerren egiten du lan, ikerketa alorrean, "gure herria, gure kultura eta gure hizkuntza munduaren mapan jartzeko helburuarekin".