Helegiteen aurrean
Etxebizitza eta fracking legeak defendatuko ditu Eusko Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Exekutibo zentralak aurkez ditzakeen helegiteen aurrean, bi legeetako edukia “goitik behera” defendatuko dutela adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Exekutibo zentralak aurkez ditzakeen helegiteen aurrean, etxebizitza eta frackingaren aurkako legeen edukia “goitik behera” defendatuko dutela esan du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, “negoziaziorako tarterik” ez dutelako; izan ere, ez dira Gasteizko Gobernuaren ekimen propioak.
Mariano Rajoyren Exekutiboak bi araudien aurkako Konstituzio-kontrakotasun errekurtsoak aurkez ditzakeela baieztatu du bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako agerraldian.
Erkorekak azaldu duenez, errekurtsoak aurkeztu baino lehen egin ohi den bezala, aldebiko lankidetza batzordea biltzea eskatu du Gobernu zentralak.
Helegitea saihesteko sei hilabeteko epea ematen die batzordeak bi gobernuei. Eusko Jaurlaritza bilera horietara joango da, “beste aukerarik ez duelako”.
Bi legeak Jaurlaritzaren ekimenak ez direla gogorarazi du Erkorekak. Horregatik, nahiz eta batzordera joan, Eusko Jaurlaritzak “negoziatzeko gaitasunik” ez duela ohartarazi du bozeramaileak. Hala ere, “onartutako testua osorik eta irmo defendatzera” mugatuko direla erantsi du.
Era berean, jarrera azaltzeko eskatu dio Erkorekak PPri; izan ere, frackingaren aukako legeari babesa eman zion Legebiltzarrean eta orain Mariano Rajoyren Gobernuak helegitea aurkeztu behar dio.
Urkullu: "EAJk ohartarazi zuen Estatuak Konstituzionalera joko zuela"
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, EAJk ohartarazi egin zuen Espainiako Estatuak Etxebizitza eta frackingaren aurkako legeen kontra egin zezakeela Auzitegi Konstituzionalean.
Atzo, Mariano Rajoyren Gobernuak baieztatu zuen Konstituzionalera joko duela bi lege horien aurka helegitea aurkezteko. Horren ildotik, emaitza zein den espero beharko dutela adierazi du Urkulluk.
Lege horiek ez zituen Eusko Jaurlaritzak sustatu. Are gehiago, EAJk ere ez zituen babestu. Etxebizitza Legea PSE-EEk, EH Bilduk eta UPyDk onartu zuten; eta frackingaren aurkakoa, aldiz, PSE-EEk, EH Bilduk eta PPk.
Onda Vasca irrati katean eskainitako elkarrizketa batean, beste hainbat erkidegotan antzeko legeak onartu dituztela eta Estatuak horien aurka egin duela ohartarazi zutela gogorarazi du Urkulluk.
Mezua erregeari
Bestalde, Urkulluk "nazio aniztasuna" eta "euskal berezitasuna" errespetatzeko deia egin dio Felipe VI.a Espainiako erregeari, Estatuko "batasunaz" hitz egin baino gehiago.
"Espainiako batasunaz baino gehiago, Foruen errespetuaz ere mintzatuko beharko zen Felipe VI", esan du.
Halaber, horren ustez, "ona litzakete" EAJren eta PSE-EEren arteko egonkortasun ituna autogobernuaren eta bizikidetzaren esparruetara ere zabaltzea.
ere zabaltzea.