Euskal diasporaren jaia
Urkullu, Boisen: 'Mundura irteten diren euskaldunek etxea dute bertan'
EITB.EUS
Lehendakariak "euskal sena" mantentzeko deia egin du, "ekonomian, gizartean eta kulturan loturak estutzeko".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakaria Boisera (Idaho, AEB) iritsi da gaur, Jaialdian parte hartzeko. Euzkaldunak euskal etxeko kideek bost urtean behin antolatzen duten kultur ekitaldia da Jaialdia eta, horri esker, Boise euskal diasporaren hiriburu bihurtzen da hainbat egunez.
Eusko Jaurlaritzak agiri batean azaldu duenez, lehendakariak giro "ikaragarria" topatu du bertan.
Agintariaren esanetan, "euskal sena" mantentzeak "balio behar digu loturak estutzeko bai ekonomia, gizarte eta baita kultura arloan ere". Bere ustez, horrek berebiziko garrantzia du "diasporizazioan", hau da, euskal gizartearen nazioartekotzean.
"Mundura irteten diren euskaldunek etxea bat dute hemen", adierazi du.
Lehendakariarekin batera Boisen izango dira Cristina Uriarte Kultura eta Unibertsitate sailburua, Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Asier Vallejo kanpoko euskal komunitatearen zuzendaria.
Urkullu abuztuaren 2ra bitartean izango da Idahon eta AEBra egindako bidaia baliatuko du Butch Otter Idahoko gobernadorearekin, David Bieter Boiseko alkatearekin eta AEBko hogei bat enpresabururekin elkartzeko. Halaber, Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du Boiseko Estatu Unibertsitatearekin.
Halaber, lehendakariak Basque Block delakoa ere bisitatuko du, hots, Euzkaldunak euskal etxea, Euskal Museoa eta Anduiza frontoia dauden kalea. Gainera, Boiseko ikastolara eta Morris Hilleko hilerrira ere joango da eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen erakundearen urteroko batzarrean parte hartuko du.
Lehendakariak Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera egiten duen hirugarren bidaia instituzionala da. "Euskal diasporaren eta Euskadiren arteko harremana indartzea eta Basque Country estrategia atzerrian proiektatzea" dira bidaia horren helburuak.
Jaialdia
Boiseko Jaialdia euskal kulturaren jai handienetako bat da. 1987an antolatu zuten lehen aldiz, euskal kulturaren publikoari bideratutako asteburuko jai modura.
Gaur egun, bost urtean behin antolatzen dute, uztaileko azken asteburuan, Loiolako Inazio Deunaren egunarekin bat eginda.
Aurteko ekitaldia uztailaren 28tik abuztuaren 2ra egingo dute. Jaialdian musika kontzertuez, dantza emanaldiez, herri kirola jaialdiez, pilotaz, hitzaldiez eta euskaldunen historiari buruzko erakusketez gozatzeko aukera izango da.
Erraldoiak, buruhandiak eta ipotxak Boiseko kaleetan izango dira aurten lehen aldiz Jaialdiaren harira. Erraldoi horiek Donostiatik joango dira, Irrintzi Erraldoien Konpartsaren eskutik, Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxeak gonbidatuta. Igandean abiatu ziren Boisera 14 konpartsakideak ilusioz gainezka daude, besteak beste, bi urte daramatzatelako bidaia prestatzen. Irrintzi Konpartsako lagunek Euskal Herriaren zati handi bat eraman nahi diote Boisen bizi den euskal diasporari.
Egitarau zabala antolatu dute aurtengoan ere.
aurtengoan ere.