Estradizioa
Erresuma Batuak errefusatu egin du Antton Troitiño espainiaratzea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roger Thomas epaileak defentsaren helegitea onartu du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez dituelako bete Erresuma Batuko Estradizio Lege berriaren baldintzak.
Londresko Auzitegi Gorenak errefusatu egin du Antton Troitiño ETAko kidea espainiaratzea.
Roger Thomas epaileak defentsaren helegitea onartu du, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez dituelako bete Erresuma Batuko Estradizio Lege berriaren baldintzak.
Thomasek azaldu duenez, errefusatu egin ditu defentsak erabilitako gainerako argudioak, hala nola Espainiako justizia “inpartziala” dela.
Aldez aurretik, Auzitegi Nazionalak bitan eskatu du Antton Troitiño atxilotzea eta espainiaratzea, agiri faltsuak edukitzea eta ETAko kide izatea egotzita. Lehen kargua, baina, kendu egin du orain.
Troitiñok (58 urte) 24 urte eman ditu espetxean, 80ko hamarkadan egindako atentatuengatik. 2011ko apirilaren 13an atera zen kartzelatik, eta Erresuma Batura alde egin zuen, agiri faltsuak erabilita.
Besteak beste, 1986an Madrilen ETAk Guardia Zibilaren autobus baten aurka egindako atentatuaren egilea izan da. Eraso horretan, 12 agente hil zituen.
Erresuma Batuko Justiziaren erabakia aztertuko du Barne Ministerioak
Bestalde, Erresuma Batuko Justiziaren erabakia aztertuko dutela ziurtatu du Francisco Martinez Segurtasun Estatu idazkariak. Guardia Zibilaren kuartel bat inauguratu du Martinezek Villanueva del Trabucon (Malaga). Erresuma Batuko epaitegien erabakia errespetatzen duela azaldu du Estatu idazkariak, “nahiz eta ez gustatu, batere gustatzen ez zaigulako”.
Estatu idazkariaren hitzetan, ebazpen judiziala “sakonean” aztertuko du Gobernuak eta “gure aukera juridikoak eta erantzuteko gaitasuna” gogoan hartuko ditu.