Itxi

Konstituzioaren erreforma

Konstituziotik xedapen iragankorrak kentzea babestu du Catalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Xedapen horietako bat, laugarrena hain justu, Euskadik eta Nafarroak bat egitea ahalbidetzen duena da.

Rafael Catala Espainiako Gobernuko Justizia ministroa. EFE

Rafael Catala Espainiako Gobernuko Justizia ministroa Konstituzioaren xedapen iragankorrak kentzearen alde agertu da, "behin-behinekoak" zirela argudiatuta.

Horren ildotik, xedapen iragankor horietako batek autonomia nola lortu zehazten duela azaldu du, "eta dagoeneko ez da beharrezkoa mantentzea".

Gogoratu behar da beste xedapen iragankor batek, laugarrenak hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Nafarroak bat egitea ahalbidetzen duela.

Oro har, Konstituzioa erreformatzearen alde azaldu da Catala, baina gehienbat Estatuaren eta autonomia erkidegoen eskuduntzak zeintzuk diren zehazteko eta Koroaren ondorengotzako sexu bereizketa kentzeko.

"Estatu autonomikoa hobeto zehaztu daiteke", esan du Justizia ministroak.

Diputatu autonomikoen babes juridiko berezia ere kentzeko prest dago, baina Kongresuko eta Senatuko kideekin berdin egiteko Konstituzioa erreformatu beharko litzatekeela gogorarazi du. Horren ildotik, "adostasun zabala" eta proposamena aztertzeko "denbora nahikoa" behar direla gaineratu du, Europa Press agentzian egindako elkarrizketa batean.

Ministroak gogorarazi du orain arte bitan erreformatu dutela Konstituzioa, eta azkenaldian errotu diren "eskubide berriak" daudela. Horregatik, eskubide horiek "hobeto" gaineratu beharko lirateke testuan.

Albisteak (1)