Oroimenaren institutua
Urkulluk 128 alkate deitu ditu, biktimen omenaldiak sustatzeko asmoz
EITB.eus
Ekitaldia irailaren 4an egingo da, Oroimenaren Institutua hartuko duen egoitzan. Ekitaldian zehar, lehendakariak bakoitzaren udalerrian eraildako biktimen izenak jasoko dituen txostena emango die.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusiak datorren irailaren 4an txosten bat emango diete 128 alkateri. Txostenaren izenburua "Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" izango da, eta, bertan, azken 50 urteetan bakoitzaren udalerrian eraildako biktimak egongo dira jasota. Egitasmoa Oroimenaren Euskal Institutua hartuko duen egoitzan egingo da.
Dokumentu pertsonalizatuak izango dira udalerri bakoitzarentzat (Arabako 14, Bizkaiko 58 eta Gipuzkoako 56). Dokumentu horietan ETAk, GALek, Batallon Vasco-Españolek, GAEk eta Triple Ak eta Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten pertsonen datuak jasotzen dira.
Jonan Fernandezek EiTBri egin dizkion adierazpenetan azaldu duenez, aipatutako bilera urriaren 20an egingo den Oroimenaren Eguna "gero eta bateratuagoa bihur dadin" aurrerapausoa bat izatea espero du.
Fernandezek azaldu du, alkateei dokumentua emateaz gain, topaketaren xedea honako hau dela: haiei igortzea oroimen-politikek duten garrantzia, hau da, erakundeek biktimen gaineko oroimen-politikak garatzearen garrantzia.
Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkariaren aburuz, "oro har badago guztiok partekatzen dugun logika batean bateratzeko borondatea, non desberdintasunak atzean geratuz joango diren, eta aurrean biktimekiko eta haien sufrimenduarekiko elkartasuna besterik ez den geratuko, eta baita etorkizunean biktimak aintzat hartzeko borondatea ere".
Bukatzeko, onartu egin du oraindik ere asko dagoela egiteko Bakegintza eta Bizikidetzarako Planaren barruan "baina hobetzen ari garela, hobetu egingo dugula eta hobetzen jarraituko dugula ahaztu gabe".