Itxi

Urte politikoaren hasiera

Rajoy: 'Ez diogu inori utziko espainiarrak atzerritar bihurtzen'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako hauteskundeen atarian ere Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala defendatuko dituela azpimarratu du Mariano Rajoyk.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE

Irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeen atarian, Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala defendatzen jarraituko duela berretsi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. "Ez diogu inori utziko espainiarrak atzerritar bihurtzen", ohartarazi du.

"Batzuk hausteko elkartzen dira, baina askoz ere gehiago gara lotzeko bat egiten dugunak", adierazi du Rajoyk urte politikoaren hasierako ekitaldian.

Rajoyk adierazi duenez, ez du ez ultimatumik ezta katalanek Espainiari eta Europari uko egiteko inposiziorik onartuko.

Halaber, subiranotasunari buruzko eztabaidak eta Kataluniako hauteskunde autonomikoak aurreratzeak katalanak banatzeko eta beste erkidegoetako herritarrekin aurrez aurre jartzeko bakarrik balio izan dutela nabarmendu du. Are gehiago, Kataluniako gizarteari iruzur egitea eta etorkizunean frustrazioa sortzea salatu du.

"Gure jarrera oso argia da: beti bezala Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala defendatuko ditugu eta espainiarrek erabakiko dute Espainia zer izango den", azpimarratu du.

PSOEren eta Ahal Duguren arteko balizko koalizioa

Urte amaierako hauteskunde orokorrei begira eta ,"bozak irabaziko dituen alderdia garaitzeko, batzuk prestatzen ari diren koalizio hori da Espainiari gerta dakiokeen gauzarik okerrena", Rajoyren esanetan.

PSOEren eta Ahal Duguren arteko balizko akordioa hizpide izan du Espainiako Gobernuko presidenteak eta gogor kritikatu ditu aipaturiko bi alderdiak.

 

Albisteak (2)