Itxi

BIKTIMAK ETA MEMORIA

Biktimen memoriari buruzko bileraren balioa nabarmendu dute alkateek

ERREDAKZIOA

Mendozak (EH Bildu), Santanok (PSE-EE) eta Aburtok (EAJ) eskertu egin diote lehendakariari gaurko deialdia, eta PPk bertan egon behar zuela esan dute hirurek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak deituta, gaur, Bilbon biktimen memoriaren alde egin den ekitaldian hartu dute hitza Jose Antonio Santano (PSE-EE) Irungo alkateak, Julen Mendoza (EH Bildu) Errenteriakoak eta Juan Maria Aburto (EAJ) Bilbokoak. Hirurak bat datoz biktima guztiak eta sufrimendu guztiak berdinak direla esaterakoan, baina sozialistek eta jeltzaleek uste dute ETAren indarkeriari zilegitasuna kendu behar zaiola.

Lehendakariak deituta, 1960tik izandako biktimei buruzko txostena helarazteko egindako ekitaldian, PSE-EEren ordezkari gisa hitz egin du Santanok, eta gogor kritikatu du PPren udal ordezkaririk gonbidatu ez izana, "hildako zinegotzi gehien" dituen alderdia izanik.

Lehendakariarekin bat egin du biktima guztien sufrimenduaren aitortzaren aldarrikapenean, bai ETArenak, bai GALenak, baina erakunde armatuaren hilketekin batera, "gizarte isolamendua" pairatu dutela gogorarazi du.

Bestalde, Julen Mendoza Errenteriako alkateak, EH Bildukoak, azpimarratu du koalizioko alkateek "euren esku dagoen guztia" egingo dutela "elkartasunaren mugak hausteko eta memoria partekatua eraikitzeko". Gainera, "PPko eta PSOEko jenderik gabe eraikitako bakean" ez duela sinesten aipatu du.

Mendozaren esanetan, gizarteak "ez zion merezi zuen tamaina ematen 'beste'tzat genituenen sufrimenduari. Ez genuen egin gizarteak bere osotasunean, ez gizartearen zati batek bakarrik". Horren harira, Errenteriako alkateak uste du akats hori konpontzeko aukera dagoela orain, "bazterketarik gabe, lotura politikorik gabe, sufrimendu guztietara gerturatzeko. Ez dezagun akats bera egin bakea eraiki behar dugun garai honetan".

Juan Mari Aburto (EAJ) Bilboko alkatea izan da hitza hartzen azkena. Buruzagi jeltzaleak esan du "edozein indarkeriako biktimek elkargune" izan behar dutela, "ez gatazkarako leku". Era berean, gizarte barneratzailea eraikitzeko "elkarbizitza sustatzea eta indarkeriari zilegitasuna kentzea" exijitu du.

Horrez gain, egindako kaltearen aitortza eskatu du Aburtok. Oposizioarekin adostasunak bilatuko dituela hitzeman du, biktimen eta memoriaren gaia eztabaida politikotik kanpo gera dadin.

Sakabanaketaren ondorioz hildako presoen senideak aintzat hartzea eskatu dute

Bestalde, “dispertsioaren ondorioz” kartzeletara bidean hil diren presoen 16 senideak Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Memoriaren Mapan sartzea eskatu du Etxeratek.

Etxeratek elkarretaratzea egin du Bilbon, Memoriaren Institututik hurbil, lehendakaria eta ehundik gora alkate bilduta zeuden bitartean.

“Sakabanaketa-politikak eragindako biktimen sufrimendua onartu eta sufrimendu horri behin betiko amaiera eman behar zaio”, azpimarratu du Urtzi Errazkin Etxeraten bozeramaileak. “Horrela soilik egin daiteke herri honetan gertatu denaren benetako mapa”, erantsi du.

Ildo horretan, gogora ekarri du ostiral honetan, astero bezala, 700 familia errepidean izango direla, ehunka kilometro egin ostean, preso dituzten senideak bisitatu ahal izateko. “Sakabanaketa-politika pairatuko dute; biktimarik ez egotea espero dugu”, gaineratu du.

Iñigo Cabacasen gurasoek justizia eskatu dute

Iñigo Cabacasen gurasoek ere protesta egin dute Memoriaren Institutuaren kanpoaldean, lehendakariak deitutako bilera baliatuta, beren semearentzat justizia eskatzeko.

Iñigo 2012ko apirilean hil zen, Athleticen partidu  baten ostean, San Mames inguruan Ertzaintzak kargatu eta pilotaka batek buruan jota. Larri zauritu zuten eta egun batzuk igarota ospitalean hil zen.

Iñigo Urkullu Cabacasen gurasoekin izan da une batez hizketan. Jaurlaritzaren nahia Justiziak Iñigoren heriotza “lehenbailehen” argitzea dela esan die gurasoei.

“Ez da gure erantzukizuna Justiziak lehenago edo beranduago ematea epaia, baina ebazpena ahalik eta azkarren iristea nahi dugu”, azpimarratu die.

Albisteak (2)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)