EH BILDUREN PROPOSAMENA
Kontsulta Legearen inguruan EAJri bere jarrera agitzeko eskatu dio PPk
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nerea Llanos Euskadiko popularren idazkari nagusiak esan duenez, jeltzaleak 'egun bikoitietan independentistak dira eta bakoitietan kamuflatutako independentistak'.
EH Bilduk Kontsulta Legea aurkezteak ez duela harritzen esan du Nerea Llanos EAEko PPren idazkari nagusiak. Horren hitzetan, herritarrek "EAJren erantzuna zein den jakin nahi dute", eta beraz, jeltzaleei Kontsulta Legearen inguruan gauzak argi esateko eskatu die. "Egun bikoitietan independentistak eta bakoitietan kamuflatutako independentistak" izatea egotzi die Llanosek EAJko kideei.
Bilbon hedabideen aurrean egin duen agerraldian, datorren asteburuan EAEko PPk, Euskalduna Jauregian, egingo duen Konferentzia Politikoa aurkeztu du. Besteak beste, Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak atzo Radio Euskadin egindako adierazpenak izan ditu hizpide.
Llanosen aburuz, denek dakite zein den EH Bilduren jarrera, eta euskal herritarrek jeltzaleena zein den jakin nahi dute. Popularrek orain arteko jarrerari eutsiko diotela nabarmendu du; "Gure estatus juridikoa, Estatutua eta Konstituzioa defendatuko ditugu", esan du. Espainiako eta Europako kide izatea defendatzen jarraituko dutela gaineratu du, "ez historiagatik eta kulturagatik bakarrik", "euskaldunentzat etorkizun hobeagoa nahi dugulako baizik".