Barkos-Urkullu bilera
Barkos: 'Euskadiri bizkarra emanda egon da Nafarroa hainbat urtez'
Agentziak | Erredakzioa
Bi erkidegoen arteko harremanak 'normalizatzea' du helburu Iruñean ostiralean egingo duten bilerak, Nafarroako presidentearen esanetan.
Uxue Barkos Nafarroako presidentearen esanetan, ostiralean Iruñean Iñigo Urkullu lehendakariarekin egingo duen bilerak "bien arteko harremanak normalizatu nahi ditu", izan ere, "urte luzez Euskadiri bizkarra emanda bizitzeko saiakera" egin du UPNren gobernuak.
Barkos presidente denetik eta "aldaketaren bidea" abiatu zenetik, Nafarroako eta EAEko buruzagiek elkarrekin egingo duten lehen hitzordua izango da ostiralekoa.
Foru presidentearen ustez, "oso baztertuta egon diren harremanak normaltzea" da hitzorduaren helburua. Egoera hori begi-bistakoa izan da Akitaniako euroeskualdea bezalako erakunde "garrantzitsuetan". "Bere garaian erakunde horretatik ateratzeko hautua egin zuen UPNren gobernuak", deitoratu du Barkosek, Tuterako alkatearekin bildu baino lehen kazetarien aurrean egindako adierazpenetan.
Hitzarmen ekonomikoaren defentsa
Bi erkidegoek arlo ekonomikoan "interes komun oinarrizkoak" dituztela nabarmendu du Barkosek. "Estatuaren prozesu zentralizatzaile horrek asko kezkatzen gaitu. Nafarroaren autogobernuari eta ahalmen ekonomikoari min handia egiten ari zaio. Beraz, interes komunak ditugu Euskadirekin. Interes orokorrerako mesedegarria izango da indarrak batzea", esan du foru presidenteak.
Zertaz arituko diren galdetuta, Nafarroan Euskal Telebista lurreko telebista digitalaren bidez ikusi ahal izateko auzia aipatu du Barkosek. Horren aburuz, "bultzada politikoa falta izan da, baina orain egon egongo da", iragarri du.