Itxi

Polizia-operazioa

David Pla eta Iratxe Sorzabal Parisera eraman dituzte

eitb.eus

Asteartean atxilotu zituzten Baigorriko landetxe batean, eta ordutik hona Baionako polizia etxean egon dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Baigorriko landetxe batean asteartean atxilotu zituzten David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko ustezko buruak Biarrizko aireportura eraman dituzte gaur (ostirala) goizean. Bertatik, Parisera eramango dituzte hegazkinez, epailearen esku uzteko. Polizia operazio berean, Ramon Sagarzazu (ETAko kide historikoa) eta Pantxoa Flores (landetxearen jabea) ere eraman zituzten preso.

Atxilotuak 08:00etan atera dituzte Baionako polizia-etxetik, sei kotxez osatutako segizio batean.

Pla eta Sorzabal ETAko buruzagitzat ditu Espainiako Barne Ministerioak. Polizia iturrien esanetan, Sorzabalek eta Plak irakurri zuten, 2011ko urrian, ETAk jarduera armatua uzten zuela iragarri zuen agiria. Halaber, biek ala biek Osloko (Norvegia) bake negoziazioetan parte hartu zuten, prozesuak aurrera egiten ez zuela-eta bertatik kanporatu zituzten arte.

David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotuta ETA "bururik gabe" utzi dutela esan zuen Espainiako Gobernuak, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren bidez. "Jakina, denbora daramagu esaten ETA hilotz bat dela, eta heriotza agiria sinatzea besterik ez zaiola geratzen", adierazi zuen.

Aitzitik, Sortuk gogor kritikatu zuen Frantziako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin zuten operazioa. Atxiloketek "inolako zentzurik ez" zutela eta PPren Gobernua "bakearen etsaia" zela azpimarratu zuen Pernando Barrenak. Nazioarteko Harreman Taldea, berriz, arduratuta azaldu zen, atxiloketa horiek bake prozesuarentzat oztopo izan daitezkeen beldur.

Albisteak (2)

Bideoak (1)