Elkarrizketa
Otegi: 'Estatuari ez zaio interesatzen ETAren aroa amaitzea'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Buruzagi abertzalearen esanetan, Estatuak "denbora irabazi nahi du, bere kezka nagusia Euskal Herriak Kataluniak abiatutako bideari ekitea baita".
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiaren ustez, Euskal Herrian ez da bake-prozesurik izango, Estatuak ez baitu "interesik" ETAren aroa "ixteko". Are gehiago, "zabalik mantendu nahi du, asko baitu jokoan", gaineratu du.
La Directa egunkari digital kataluniarrean egindako elkarrizketa batean, bake-prozesu bat abiatzeko, bi aldeek "interes bakarra" izatea "funtsezkoa" dela iritzi dio Otegik. "Errepikatu egingo dut: orain Estatuak interes bakarra du, aurreko zikloa mantentzea, nahiz eta modu artifizialean izan; horregatik gaude kartzelatuta". 2009tik dago espetxean buruzagi abertzalea, Bateragune auzian.
Horren ildotik, "Estatu propioa sortzeko dinamika bat" abiatzeko deia egin du, "Estatuaren jarrera mugiarazteko estrategiak garatzen saiatzea" baino gehiago.
Azken polizia operazioei dagokienez, Espainiako Gobernuak "xake-taula irauli eta boxeo ring bat sortu" nahi duela deitoratu du Otegik. "Estatuak aurreko egoeraren itzala luzatzea behar du", ohartarazi du.
"Espainiako Gobernuak ez du argudiorik, ez talenturik, egoera berrian jokatzeko, alternatibarik ez duelako; horregatik, denbora irabazi nahi du, bere kezka nagusia baita Euskal Herriak Kataluniak abiatutako bideari ekitea", esan du.