Askatasun Ponentzia
Arraiz: 'Euskadiko Alderdi Popularra mugitzen hasi da'
Eitb.eus
Arraizek adierazi duenez, Euskadiko PPren aldetik aldaketa sumatzen da; eta, bere iritziz, aldaketa horri bide eman behar zaio, hemendo egoera aldatzeko.
EH Bilduko kide Hasier Arraizek, Euskadiko Alderdi Popularrak egin duen atzera pausua pena dela esan arren, gertatutakoren alde positiboa nabarmendu nahi izan du gaur goizean. Izan ere, Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin dioten elkarrizketa batean, Euskadiko Alderdi Popularra mugitzen hasi dela azpimarratu du, mugimendu txikia izan arren. Arraizen esanetan, "horrek adierazten du Euskadiko popularrentzat eutsi ezina izaten hasi dela Madrilen immobilismoa".
Sortuko presidentearen aburuz, aste honetako mugimenduek erakusten dute mikro klima politiko txiki bat hasi dela sortzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiar estatutik aldenduta. "Madrilen ez dute bakerik nahi eta ez dute Euskal Herriko alderdien arteko elkarrizketa politikorik nahi". Egoera hori, orain arte, hemen ere errepikatu egiten zela esan du Arraizek, baina orain aldaketa sumatzen dela, PPren aldetik gainera. "Guk uste dugu horri bide eman behar zaiola; guztion artean lagundu egin behar dugula bide hori egiten, hemengo egoera aldatzeko".
Arraizen iritziz, Arantza Quirogak Askatasun eta Elkarbizitza lantaldea sortzeko ekimena aurkeztu izana joko taktikoa izan daiteke edota elkarrizketaren aldeko benetako apustua. EH Bilduk bigarren aukera izan dela sinistu nahi du, eta Madril izan dela ezetz esan duena. Arraizen arabera, "Madrilentzat ez da inoiz elkarrizketatzeko une egokia".