Krisia EAE-Ko PP-n
Quirogak asteazken honetan argituko du bere etorkizuna
eitb.eus
EAEko PPko presidenteak prentsaurrekoa deitu du, azken sei egunetan isilik egon eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak prentsaurrekoa deitu du asteazken honetarako, azken egunetan isilik egon eta gero. Agerraldi horretan, karguan jarraituko ote duen argitzea espero da.
Prentsaurrekoa PPren Donostiako egoitzan eskainiko du, 10:30ean, alderditik baieztatu dutenez.
Quirogak ostegunean bertan behera utzi zuen martxan zuen agenda politiko guztia, Eusko Legebiltzarrean bizikidetzarako mozioa atzera bota ondoren. EAEko PPren presidenteak sei egun daramatza ordutik medioetan agertu gabe, eta PPk horri garrantzia kendu nahi izan badio ere, hori ez da oso ohikoa buruzagi politikoen artean.
Alderdiak ez daki zer egingo duen Quirogak
EAEko Alderdi Popularraren zuzendaritzak ez daki Arantza Quirogak alderdiko presidente izaten jarraituko ote duen. Erabakia, baina, berari dagokiola esan du Nerea Llanosek prentsaurrekoan, eta hark "berehala" argitzea espero duela gaineratu du. "Alderdia pertsonen gainetik dago", azaldu du EAEko PPren zuzendaritza batzordearen bileraren ostean egindako agerraldian.
Arantza Quiroga ez da joan EAEko PPren zuzendaritza batzordearen bilerara, eta horrek areagotu egin ditu euskal buruzagi popularraren etorkizunari buruzko espekulazioak.
Llanosek azaldu duenez, Quirogak berak hartu behar du presidente izaten jarraitzearen inguruko erabakia. "Erabakitzen duena erabakita, babestu egingo dugu, baina alderdi hau pertsonen gainetik dago. Pertsonak badatoz eta badoaz", nabarmendu du.
Llanosek berak zuzendaritza batzordearen bilerara heldu denean argitu duenez, Quirogak "bilera du gaur Madrilen". Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiarekin bilduko omen da arratsaldean.