Itxi

Erreakzioak

EH Bildu: 'PPren immobilismoaren biktima da Quiroga'

Agentziak | Erredakzioa

UPyDren ustez, baliteke EAEko PPren presidente ohiak asmo onez jardun izana, "baina hori politikan ez da aski", azpimarratu du.

Arantza Quirogak EAEko PPren presidente kargua utzi berritan, erreakzio andana izan da euskal alderdien aldetik. Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkide eta bozeramailea izan da hitz egiten lehena. Arzuagak nabarmendu duenez, "PPren immobilismoaren biktima da Quiroga".

Buruzagi 'popularra'ren erabakia "errespetatzen" duela nabarmendu du Arzuagak, eta bizikidetzaren alorrean akordioa lortzeko egindako saiakera eskertu du.

Horren aburuz, aurrerapausoa egin zuen PPk Askatasuna eta Bizikidetza lantaldea sortzeko mozioa aurkeztuta, baina mugimendu horrek "PPren jarrera gogorren kontra jo zuen".

Mozioa erretiratu zutenean EH Bilduk adierazitakoari eutsi dio Arzuagak; hau da, bakea, askatasuna, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko bidean, "eskua luzatuta" dutela "pauso eraginkorrak" emateko.

UPyD: 'Baliteke asmo onez aritu izana'

Gorka Maneiro UPyDren bozeramailearen iritzian, baliteke EAEko PPren presidentea zena "asmo onez" aritu izana, baina "hori politikan ez da nahikoa; kale egin zuen", azpimarratu du.

Legebiltzarrean eskainitako prentsaurrekoan agertu duenez, bere alderdia Quirogaren proposamenaren aurka dago: "Okerra izan zen denboran, moduan eta eduki mailan". Horren ustez, "ezker abertzaleari ezin zaio exijentzia maila bajatu. ETAren gaitzespen argia eskatu beharrean, ezin zaio indarkeriaren errefusatze orokorra eskatu".

"Terrorismoari zilegitasuna kentzeko, ETArekin amaitzeko eta biktimak defendatzeko ez dira lantaldeak asmatu eta hitzak nahastu behar. Zuzenbide estatua, egungo legedia eta Zigor Kodea errespetatu eta aplikatu baino ez da egin behar", erantsi du.

Quirogari buruz, honakoa esan du Maneirok: "Azken asteetan oker jokatu badu ere, printzipio demokratikoak dituen pertsona dela frogatu du".

Albisteak (3)