A-20ko hauteskundeak
Cuadra eta Errekondo, EH Bilduren zerrendetan egoteko hautagai
ERREDAKZIOA | AGENTZIAK
Amaiurreko diputatu eta senatari gehienak berriz ere izango dira hautagai.
Amaiurrek Espainiako Gorte Orokorretan dituen ordezkari gehienak hautagaiak izango dira EH Bilduren zerrendetan, berriz ere diputatu edo senatari izateko. Koalizio abertzalearen militanteek hautatu dituzte, zerrendetan izateko, eta orain beste barne prozesu bat abiatuko dute, zerrendaburuak izendatzeko.
Amaiurrek egun dituen diputatuen artean, Maite Aristegi da berriz ere hautagai izango ez den bakarra. Gainerakoek errepikatu egingo dute: Sabino Cuadra, Xabier Mikel Errekondo, Iker Urbina, Rafa Larreina, Onintza Enbeitia eta Jon Iñarritu.
Senaturako zerrendetan Azurmendi Mendizabal faltako da, eta berriz ere izango dira Alberto Unamunzaga eta Urko Aiartza.
Oskar Matute eta Nekane Perez EH Bilduko bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute, zerrendakideak iragartzeko.
Aipatutakoak ez ezik, hauek ere izango dira hautagai, besteak beste: Amaia Izko Sortuko bozeramailea, Marian Beitialarrangoitia eta Leire Pinedo legebiltzarkideak, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente ohia, Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkide ohia eta Irantzu Varela ekintzaile feminista.
2.fasean sartu gara:Herrialde bakoitzeko zerrendaburuak aukeratzeko unea: http://t.co/axd6CfJ33C #EHBilduHautagaiak pic.twitter.com/uGvtybTrIE
— Euskal Herria Bildu (@ehbildu) octubre 16, 2015
Matutek adierazi duenez, Amaiurreko kide gehienak berriz ere hautagai izatea "lan ona egiten duten seinale" da, militanteek hala "baloratu" baitute.
EH Bildu osatzen duten lau alderdien arteko orekari dagokionez, Matutek azaldu du koalizioa "beste fase batean" dagoela jada. Horren esanetan, militanteek ez dute kontuan hartu zer alderditakoak diren.
Orain, koalizio abertzaleak zerrendaburuak eta zerrenden postuak aukeratzeko prozesua abiatuko du. Urriaren 31a arte iraungo du.