Hautagaitza sozialista
Mendia: 'PSOE autogobernua garatzeko bermerik onena da'
Agentziak | Erredakzioa
Hauteskunde orokorretarako hautagai sozialistak aurkeztu ditu PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon: Patxi Lopez, Odon Elorza eta Javier Lasarte diputatugaiak, besteak beste.
Espainian PSOEren gobernu bat izatea “autogobernua garatzeko eta defendatzeko bermerik onena” dela adierazi du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. Gobernu zentralean “sozialistek gobernatu dutenean euskal herritarrei hobeto” joan zaiela ohartarazi du.
Datozen hauteskunde orokorretarako hautagai sozialistak aurkeztu ditu Mendiak Bilbon: Patxi Lopez, Odon Elorza eta Javier Lasarte diputatugaiak eta Isabel Celaa, Miren Gallastegui eta Julia Liberal senatarigaiak, besteak beste.
“Primerako taldea” osatzen dutela azpimarratu du Mendiak. PSE-EEko buruzagiaren hitzetan, abenduaren 20tik aurrera Gobernua zuzentzeko, “Pedro Sanchez PSOEko agintariak izan dezakeen laguntzarik onena da”.
Zentzu horretan, “guztiak biltzeko” PSOEk Konstituzioaren erreforma bat egingo duela agindu du Mendiak. Gobernu sozialista bat Madrilen “autogobernuaren defentsarako eta garapenerako bermerik onena da”, erantsi duenez. “Espainian PSOEk gobernatu duenean euskal herritarrei beti askoz hobeto joan zaizkigu gauzak”, nabarmendu du.