Itxi

Auzitegi Nazionala

ETAko bost kide prozesatu dituzte gizateriaren aurkako delituengatik

Agentziak | Erredakzioa

Josu Urrutikoetxea, Garikoitz Aspiazu, Mikel Karrera, Aitzol Iriondo eta Aitor Elizaran dira auzipetuak, eta epaileak zazpi eta bi milioi arteko bermeak eskatu dizkie.

Juan Pablo Gonzalez Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAko bost kide, ustez erakunde armatuaren buruzagi direnak, prozesatu ditu gizateriaren aurkako delitua egotzita. 2004ko urriaren 1etik egindako hilketengatik prozesatu ditu; izan ere, data horretan tipifikatu zen gizateriaren aurkakoa delitua.

Josu Urrutikoetxea 'Josu Ternera', Garikoitz Aspiazu Rubina 'Txeroki', Mikel Karrera Sarobe 'Ata', Aitzol Iriondo Yarza eta Aitor Elizaran Sarasola dira auzipetuak.

Urrutikoetxea non dagoen ez dakienez, hura bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua eman du epaileak.

Epaileak 24 orduko epea eman die bost prozesatuei, epaia kontrakoa balitz arduradun zibil gisa egin beharko lituzketen ordainketei aurre egiteko bermeak aurkez ditzaten. Hala, bi eta zazpi milioi euro arteko bermeak eskatu dizkie. Handiena (zazpi milioi eurokoa) Karrerari jarritakoa da; Iriondori, sei milioikoa eskatu dio; bostekoa, Aspiazuri eta Elizarani; eta bikoa, Urrutikoetxeari.

Ikerketa uztailean abiatu zuen Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako helegite baten harira.

Gaur jakitera eman duen epaian, 2004tik gaur arte ETAko buruzagiak nortzuk izan diren eta heriotza eragin duten erakunde armatuaren atentatu nagusiak zein diren zehaztu du. Besteak beste, hilketa hauek aipatu ditu epaileak: Isaias Carrasco PSE-EEren zinegotzi ohiarena, Juan Manuel Piñuel guardia zibilarena, Luis Conde Armadako brigadarena, Inaxio Uria enpresaburuarena, Eduardo Puelles poliziarena, Carlos Enrique Saenz de Tejada eta Diego Salva guardia zibilena, eta Carlos Alonso Palaterena eta Diego Armando Estaciorena (T4aren kontrako atentatuan hildakoak).

Epaileak zazpi hilketa delitu egotzi dizkio Karrerari; sei, Iriondori; bosna , Aspiazuri eta Elizarani eta, bi, Urrutikoetxeari. Azken horri dagokionez, epaileak dio talde politikoaren burua izan zela 2005etik 2007ra, Francisco Javier Lopez Peñarekin batera. Gainera, "karisma handikoa zenez, eta gainerako militanteengan eragina zuenez, erabaki guztietan parte hartu zuela ondoriozta daiteke".

Autoaren arabera, ETAren buru politiko eta militar guztiek aipatutako "atentatu guztien berri" izan zuten, eta egile materialei "aginduak eman zizkieten".

Albisteak (2)