Arabako lurralde-auzitegia
De Miguel auzia epaituko du Arabako Auzitegiak
Agentziak | Erredakzioa
Inputatuek aurkeztutako helegiteak baztertu ditu Auzitegiak, eta horrenbestez, ahozko epaiketa egingo da ustez legez kanpoko komisioak jaso zituzten 26 lagunen kontra.
De Miguel auziko ia inputatu guztiek aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu Arabako Lurralde-auzitegiak. Horrela, 26 inputatuak akusatuen aulkian eseri beharko dira.
Arabako Lurralde-auzitegiak auto batean helegite guztiak atzera bota dituela baieztatu dute iturri judizialek. Erabakiaren berri aldeei eman die gaur Auzitegiak. Arabako EAJren buruzagi ohiek ustez legez kanpoko komisioak jaso zituzten.
Honenbestez, “ahozko epaiketa” egingo dela adierazi dute iturriek. Akusazioek idatziak aurkezteko epea zabalduko da orain, ondoren ahozko epaiketari lekukoa emateko.
Aurreko martxoaren 10ean Roberto Ramosek auziaren instrukzioa amaitu zuen 26 pertsonaren inputazioarekin, tartean EAJko bederatzi buruzagi ohi, horien senideak eta alderdiaren gertukoak.
Bost urteko instrukzioari 180 orriko auto batekin eman zion amaiera, eta bertan nahikoa zantzu ikusten zuen Alfredo de Miguel EAJren Arabako buruaren ondokoa eta foru diputatua auzipetzeko.
Guztira hamaika delitu leporatzen dizkie 26 auzipetuei: prebarikazioa, delituak jazartzeko betebeharra urratzea, funtzionarioak erostea, eraginen trafikoa, dirua zuritzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea, administrazio publikoari iruzur egitea, funtzionario publikoei debekatutako jarduerak eta negoziazioak, dokumentu publikoak faltsutzea, Ogasun Publikoaren kontrako delitua, eta lehiaketa eta enkante publikoetan prezioak aldatzea.
Auzipetuen artean daude, De Miguelez gain, Aitor Telleria eta Koldo Ochandiano EAJren Arabako kide ohiak; Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Ibarretxeren Jaurlaritzako arduradunak, Julian Sanchez eta Alfonso Arriola parke teknologikoen sareko buruzagi ohiak eta Iñaki San Juan Leioako EAJko zinegotzi ohia.
15 auzipetuk helegiteak jarri zituzten auto horren kontra, baina denak bota zituzten atzera aurreko apirilean.