Itxi

Eusko Legebiltzarra

Arraiz: 'EH Bilduk hanka bat autogobernuaren lantaldetik kanpo du'

Agentziak | Erredakzioa

Legegintzaldia amaitu baino lehen testu bat adosten saiatuko da gainerako taldeekin. "Lantaldea EAJren hauteskunde tresna bat bihurtzen bada, EH Bildu ez da egongo", ohartarazi du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaile eta legebiltzarkideak ohartarazi duenez, koalizio abertzaleak "hanka bat autogobernuari buruzko lantaldetik kanpo du", atzo EAJk legegintzaldi honetan ez dela estatus politikoari buruzko itunik egongo iragarri eta gero.

Lantaldearen bileraren ondotik haserre mintzatu ziren EH Bilduko ordezkariak, baina gaur harago joan da Arraiz, eta lantaldea "EAJk bere hauteskunde kanpainarako asmatutako tresna bilakatzen bada", EH Bilduk parte hartuko ez duela ohartarazi du.

Arraizek Eusko Legebiltzarrean goizean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, atzora arte, alegia Egibarrek estatus politikoa berritzeko "oinarriak" bai, baina testu adosturik izango ez zuela iragarri arte, EH Bilduk "bi hankak zituen lantaldean", akordioa lortzeko "tresna egokia" zela sinetsita.

Ohartarazpena eginda ere, "dena galduta" ez dagoela uste du Arraizek, eta "borondate politikoa" badago testua adostu ahalko dela nabarmendu du. Hori horrela, gainerako taldeekin bilera sorta egingo duela azaldu du legegintzaldi honen amaieran adierazpena lortzen "saiatzeko". Testu artikulatu hori "euskal herritarren esku" uztea izango litzateke helburua, "euren hitza eta erabakia eman dezaten".

Independentzia

Kataluniaz ere mintzatu da Arraiz agerraldian. Nabarmendu duenez, "Espainiako Estatua usteltze bidean dago", hori horrela, "Kataluniak zabaldu duen atea" baliatzeko deia egin du, Euskal Herriaren independentzia helburu, "bide demokratikoa" hartzeko.

"EAJk ez du pauso hori eman nahi izan, bere hauteskunde programan 2015ean kontsulta egongo zela iragarri zuen arren", salatu du Sortuko presidenteak. Lantaldean gertatutakoa, hau da, kontsultarik egongo ez dela eta "zer galdetua egongo ez dela" ikusita, "herritarrei iruzur" egin zaiela uste du Arraizek.

Hori horrela, euskal herritarrei "hitza eta erabakia emateko bidean, akordioak lortzeko benetako lantaldea osatzen ez bada, EH Bilduk ez du parte hartuko", erantsi du.

EAJ, PP eta PSE alderdien erreakzioak

Arraizen hitzak zabaldu orduko, berehala etorri dira gainerako alderdien erreakzioak. Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak esan duenez, Euskadiren estatus politiko berria erabakitzeko, "pankartaren atzetik" alde egin behar izateak eragiten dion "bertigo politikoagatik" utzi nahi du EH Bilduk autogobernuaren lantaldetik.

Ezker abertzaleko koalizioaren "inprobisazioa" eta jarrera "erratikoa" kritikatu ditu buruzagi jeltzaleak. "Lantaldearen barruan baldin badago, barruan dago; hanka bat kanpoan duela badio, alde egin nahi duela esan nahi du", esan du.

Alderdi Popularrak, berriz, EH Bilduren eta EAJren jarrerak salatu ditu.  Borja Semper legebiltzarkide popularraren iritzian, bi alderdiok "oilar-jokoan" dabiltza autogobernuaren lantaldeari dagokionean. Jarrera horrekin, ez batak, ez besteak ez duela ezer onik ematen eta autogobernuari berari egiten diotela kalte esan du Semperrek. Arduragabekeriaz aritzea egotzi die EAJri eta EH Bilduri.

PSEk ere eman du bere iritzia Arraizen hitzen inguruan. Isabel Celaa legebiltzarkideak uste du hauteskunde giroko tira-birak direla EAJren eta EH Bilduren arteko tentsioak. Autogobernuaren lantaldeak emaitzak onak izan ditzan, alderdi guztiek elkarrekin lan egitearen alde agertu du.

 

tu du.

 

Albisteak (1)

Bideoak (2)