GIZA ESKUBIDEAK
Dispertsioaren aurka konpromiso aktiboa eskatu die Etxeratek alderdiei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta, Etxeratek giza katea egin du, besteak beste, Gasteizen. Eusko Legebiltzarren atarian amaitu da protesta ekitaldia.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak giza kateak egin ditu, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Gasteizen, Baionan eta Iruñean. Gasteizko katea Ajuria Enetik abiatu eta Eusko Legebiltzarrean amaitu da. Han, talde politiko guztiei dokumentu bana helarazi die kolektiboak, presoen sakabanaketa politikaren aurka "konpromiso aktiboa" eskatzeko.
Patricia Velez Etxerateko kideak hedabideen aurrean salatu duenez, sakabanaketa politika "salbuespen politika" da, 400 familiari baino gehiagori eragiten diona.
Velezen hitzetan, alderdien erantzukizuna ere bada sakabanaketa amaitzea. "Alderdiek esku hartu behar dute sakabanaketa amaitzeko", esan du.
Presoen eta horien senideen "giza eskubideak urratzen dituen politikaren" aurkako jarrera aktiboa eskatu die Etxeratek alderdi politikoei. Bakebidean aurrera egiteko aholkuak jasotzen dituen dokumentu bat eman die presoen senideen kolektiboak Legebiltzarreko taldeei.