PP-PSOE ituna
Euskadiko 'koalizio handia' Espainian errepikatzea eskatu du Marotok
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Maroto 'popularra'ren esanetan, porrota litzateke hauteskundeak errepikatzea eta PSOEren teilatuan ei dago pilota.
"Egoerak eskatzen duen mailan" jokatzeko eta Euskadiko popularrek eta sozialistek Patxi Lopez lehendakari izendatzeko egin zuten "koalizio handia" Espainian errepikatzea eskatu dio Javier Maroto PPren sektore idazkariordeak PSOEri.
Radio Nacional irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Marotok azpimarratu du "koalizio handia" egin izan dutela Alemanian, Frantzian edota Danimarkan, eta hori egin zutela popularrek Euskadin Patxi Lopez lehendakari izateko babestu zutenean.
Marotoren hitzetan, "ezeren truke" eman zion babesa Patxi Lopezi PPk, "leialtasunaren eta erantzukizunaren truke soilik". "Guk egin genuen. Izan gaitezen gai nazio mailan ere hori egiteko. Gure gertuko historiaren pasarte hori PPk, PSOEk eta Ciudadanosek egin beharko genukeenaren adibide ona da", gaineratu du.
Buruzagi popularraren esanetan, porrot orokorra litzateke hauteskundeak errepikatzea, bereziki, PSOErentzat. "PSOEk ez du jaten eta ezta jaten uzten ere. Pilota PSOEren teilatuan dago", gaineratu du.