Itxi

Sare

Kultur arloko 100 eragile baino gehiagok babestu dituzte U9ko martxak

EITB.EUS

'Mugi daitezen harriak. Euskal Presoak Euskal Herrira' lelopean, Bilbon eta Baionan, manifestazio bana izango da urtarrilaren 9an presoen eskubideen defentsan.

Kultur eragileen babesa jaso dute urtarrilaren 9ko mobilizazioek. Argazkia: Sare

Kultura arloko hainbat norbanakok atxikimendua adierazi diote urtarrilaren 9an, ‘Mugi daitezen harriak. Euskal Presoak Euskal Herrira’ lelopean, Bilbon eta Baionan egingo diren manifestazioei.

Sarek jakinarazi duenez, mobilizazioetarako bi asteren faltan 100 atxikimendu baino gehiago bildu ditu kultur arloko zerrendak. Bertan, musika taldeak, idazleak, bertsolariak, aktoreak, margolariak edota dantzariak aurkitzen dira.

Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Askoa Ramirez de la Peciña dantzariak hartu dute hitza Gasteizko Baratza Aretoan prentsaurrekoan.

Bien ustez, “konponbidean oztopo diren harriekin bukatzeko hauei loturik dauden soketatik tira egin beharra dago, etenik gabe eta denak batera”.

Biek ala biek dispertsioa gogor salatzeaz gain, eskubide urraketa beste arlo batzuetan ere ematen dela salatu dute: kondenen bi herenak bete dituztenekin edo gaixo larri dauden presoekin “giza eskubideak etengabe urratzen” direla nabarmendu dute.

Azkenik, urtarrilaren 9an herritar guztiei eta bereziki kultur arloko artista guztiei Bilbo eta Baiona betetzeko deia egin diete: “Eta zuri, musikari; zuri, idazle; zuri, margolari; zuri, abeslari; zuri, dantzari... Gurekin batera eta milaka herritarrekin batera urtarrilaren 9an Bilbon zein Baionan harriak mugitzera gonbidatzen zaitugu”.

Albisteak (4)