Itunak
PSOE Gobernu 'progresista' osatzen saiatuko da, PPk porrot egiten badu
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez Antonio Costa Portugalgo lehen ministro sozialistarekin bildu da. Costak hauteskundeak galdu zituen, baina boterean da ezkerreko bi alderdien botoei esker.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak esan du, Mariano Rajoyk Gobernua osatzeko saiakeran huts egiten badu, Alderdi Sozialistak "arduraz" jokatuko duela eta indar aurrerakoiak bilduko dituen "koalizio handi bat" osatzen ahaleginduko dela.
"Espainiak behar duen aldaketa politikoa zuzentzeko, PSOEk eskua luzatuko die indar progresistei", erantsi du.
Ildo horretan, Sanchezek berretsi egin du Alderdi Sozialistak Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatuko duela.
Pedro Sanchez Lisboan izan da, Antonio Costa Portugalgo lehen ministro sozialistarekin biltzeko. Espainiako Estatuan alderdi ezkertiarren arteko ituna lortzeko aukera aztertu dute biek; izan ere, Sanchezek bezala, hauteskundeak galdu zituen Costak, baina boterean da ezkerreko bi alderdien botoei esker.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak esan du ezkerreko indarren arteko koalizio gobernu bat eratzea “Espainiarentzat aukerarik okerrena” izango litzatekeela. Gainera, zenbatzen ote dakien galdetu dio Sanchezi, aliantza hori egiteko aukera matematikorik ez duelakoan.
Antzekotasun handiak Portugalekin
2015eko urriaren 4an egin zituzten hauteskundeak Portugalen. Bi hilabetez, gobernua osatu ezinda ibili zen Pedro Passos Coelho buruzagi kontserbadore eta bozen irabazlea. Aurreikuspen guztien kontrara, baina, Antonio Costa sozialista izendatu zuten lehen ministro, Ezkerreko Blokearen (Podemosen eta Syrizaren aliatuta EBn) eta komunisten babesarekin.
Hiru alderdiek Parlamentuan bakarrik dute ituna; gutxiengo gobernua du Costak, alderdikideez osatutako exekutiboarekin.
Passos Coelhok zuzendutako aliantzak irabazi zituen hauteskundeak, sozialistei sei puntuko aldea aterata, baina gehiengo absolututik urrun.
Espainiako Estatuan ere, sei puntuko aldea atera zion Rajoyk Pedro Sanchezi abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan. Batek ere ez du presidente izateko babesa lortu, oraingoz.
Erantzukizuna eskatu du PPk, Portugalgo itunaren antzekoa saihesteko
Astebete falta da Espainiako gorteak osatu eta Kongresuko mahaiko kideak eta presidentea aukeratzeko. Gabonetako oporren ondotik, negoziazioei eta elkarrizketei helduko diete berriz buruzagi politikoek. Ciudadanosen, Podemosen eta IUren buruzagiek, esaterako, gaur jasoko dituzte diputatu aktak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Sanchezek Portugalera egin beharreko bisitaz mintzatu da Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidente eta jarduneko Osasun ministroa. Erantzukizuna eta "une historikoak eskaintzen duen maila" ematea eskatu dio PSOEri, Portugalgo itunaren antzekoaren alde ez egiteko.
Alonsoren hitzetan, PSOEko buruzagia "arduratuago dago bere kontuak konpontzearekin, Espainiako egoerarekin eta hauteskundeen emaitzekin baino. Horregatik joan da Portugalera, alderdi barruan duen egoerari bizkar emateko eta erantzukizunez aurrera ez egiteko. Egonkortasuna eta oinarri parlamentario zabaleko gobernua bilatzea dira orain egin beharrekoak, eta horretarako indar politiko nagusiekin hitz egin behar da, eta erantzukizunez jokatu", erantsi du PPko kideak.
du PPko kideak.du PPko kideak.