Itxi

Eusko Legebiltzarra

Hauteskundeetan "ETAren mozorrorik ez" egotea eskatu dio PPk PSEri

Erredakzioa

PPren ekimen bat eztabaidatu du Eusko Legebiltzarrak. ANVren udal-gobernuak desegitea proposatzen zuen PPk. Ekimenak UPyDren babesa jaso du soilik, eta ondorioz, ez da aurrera atera.

2011ko hauteskundeetan "ETAren mozorrorik ez" izatea bermatzeko eskatu dio Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak PSEri. Justiziaren eskumen bat dela erantzun dio Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak.

PPren ekimen bat eztabaidatu du arratsaldean Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak. ANVren udal-gobernuak desegitea proposatzen zuen Alderdi Popularrak. Proposamenak UPyDren babesa jaso du, baina PSEk, EAJk, Aralarrek eta EBk kontra bozkatu dute, ondorioz, ekimena ez da aurrera atera.

Era berean, PSEk aurkeztutako osoko zuzenketa bat atzera bota dute. Eusko Jaurlaritzari, beste alderdi demokratikoekin batera, indarkeria gaitzesten ez duten talde politikoek gobernatutako udaletan zentsura-mozioak aurkezteko eskatzen zioten.

Carlos Urquijo (PP) eta Jose Antonio Pastor sozialistaren arteko akusazioak izan dira protagonista eztabaidan, ezker abertzalea 2011ko hauteskundeetan izateko aukeraren aurrean.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea (TAOL) ANVren 33 udal-gobernuak desegiteko erabiltzearen aurka dago PSE, eta horren arrazoiak ez dituela ulertzen esan du Urquijok. Gobernuak desegiteko borondatea baldin badu, "bihar bertan desegin dezake", gaineratu du.

Ezker abertzalea hauteskundeetara ez aurkezteko PP "zaindari" izango dela ohartarazi die sozialistei. 2007ko "akatsa" berriz ez errepikatzeko "irmo" izango direla adierazi du PPko ordezkariak.

Gai hori "alderdikeriagatik" mahai gainean jartzea kritikatu du Pastorrek eta sozialistek indarkeriaren aurka duten konpromisoa zalantzan jartzea aurpegiratu dio Urquijori.

UPyDren proposamena

Gainera, Gasteizko Ganberak UPyDren proposamen bat atzera bota du. UPyDk hauteskunde Legea aldatzea eskatzen zuen, barruti bakarra ezartzeko (egun hiru dira, bat probintzia bakoitzeko) eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan zerrenda irekiak barneratzeko. EAJk, PSEk, PPk eta Aralarrek aurka bozkatu dute eta EB abstenitu egin da. Ondorioz, UPyDren proposamena ez da aurrera atera.


Albisteak (1)

Bideoak (1)