Auzitegi Nazionala
Batasuna, EHAK eta ANVko 35 auzipetuek ez dute espetxera joan beharko
erredakzioa | eitb.eus
Alde guztiak ados jarri dira, eta akusatuek 18 eta 24 hilabete arteko zigorrak onartu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Segurako sarekadaren ostean auzipetutako Batasuneko, Euskal Herriko Alderdi Komunistako (EHAK) eta Eusko Abertzale Ekintzako (EAE-ANV) 35 kideek urte eta erdi eta bi urte arteko kartzela-zigorrak onartu dituzte, eta espetxetzea saihestuko dute, defentsak eta akusazioek akordioa lortu eta gero. 04/08 sumarioko auzipetuek onartu egin dute ETAri lagundu izana, biktimei egindako "kaltea" aitortu dute eta uko egin diete "indarkeriarekin lotutako jarduerei".
Ezker abertzalearekin lotutako makrosumarioetan, alde guztien akordioarekin amaitu den lehen epaiketa izan da honakoa.
Abenduan hasi zen epaiketa, akusatuen abokatuak atxilotu ondoren urtebete atzeratu ostean, eta uste baino lehenago amaitu da, defentsak eta akusazioek akordioa lortu baitute. Hasieran, 10 urteko espetxe-zigorra eskatzen zuten auzipetuentzat, ETAko kide izatea egotzita.
Besteak beste, Pernando Barrena Batasuneko buruzagiak, Ino Galparsoro Arrasateko alkate ohiak eta Karmele Berasategik urtebete eta zortzi hilabeteko zigorra jaso dute, eta Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkide ohiak, urte eta erdikoa.
Fiskaltzarekin eta herri akusazioekin (Dignidad y Justicia eta AVT) lortutako akordioaren arabera, auzipetuek onartu dute legearen kontra jardun zutela, uko egin diete "indarkeriarekin lotutako jarduerei" eta "biktimei egindako kaltea" aitortu dute.
AVT eta Dignidad y Justicia elkarteen arabera, aitortza horrekin "terrorismoaren biktimen konponketari lagundu" nahi diote, eta biktimen "hobebeharrez" egin dute akordioa.
Pernando Barrenak Auzitegi Nazionaletik atera denean azpimarratu duenez, akusatu guztiek "helburu politikoak lortzeko bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua" egin dute, eta akordioarekin "espetxean ez sartzeko helburua" bete izana txalotu du.
AVT eta Dignidad y Justicia
Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eta Dignidad y Justiciak azpimarratu dute bi arrazoigatik onartu dutela akordioa: auzipetuek "Estatuaren legeen kontra" jokatu dutela aitortzen dutelako eta biktimen konponketa lortzeko "indarkeriarekin lotutako jarduerei" uko egin dietelako.
Bi elkarteek kaleratutako prentsa-ohar batean azaldu dutenez, "terrorismoaren biktimen hobebeharrez" jokatu dute akordioa onartuta.
Gainera, Auzitegi Gorenak herriko tabernen harira emandako ebazpena "erabakigarria" izan dela aitortu dute, zigor batzuk adostutakoak baino txikiagoak ere izan zirelako.
Zigorrak
Herriko tabernen auzian Auzitegi Gorenak Batasuneko 20 kideri ezarritako zigorrak baino handixeagoak dira gaurkoak.
Espetxe-zigorrekin batera, auzipetuek ezingo dute kargu publikorik izan udal, probintzia, Estatu eta Europa mailan, zigorrak irauten duen bitartean.
Haizea Abrisketa, Jesus Mari Agirre, Egoitz Apaolaza, Alazne Arozena, Karmele Berasategi, Nekane Erauskin, Anton Gomez, Ignacio Olalde eta Juan Carlos Ramosek urte eta erdiko kartzela-zigorra eta gaitasungabetzea jaso dute.
Bestalde, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Ino Galparsoro, Peio Aiser Imaz, Eusebio Lasa, Aurore Martin, Patxi Urrutia eta Joseba Zinkunegiren kasuan urtebete eta zortzi hilabetekoa da zigorra.
Zigor handiena, bi urtekoa, Marisa Alejandro, Angel Mari Elkano, Marije Fullaondo, Jon Garai, Gorka Etxeberria, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantza Santesteban eta Mikel Zubimendi auzipetuek jaso dute.
tuek jaso dute.