Diputatuen Kongresua
Podemosek talde parlamentario bakarra izango du, baina Compromis gabe
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
En Comu (Katalunia) eta En Marea (Galizia) koalizioekin osatuko du talde parlamentarioa. Compromis (Valentzia) aldendu egin da, eta alderdi horren lau diputatuek talde propioa izango dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Podemosek uko egin dio Diputatuen Kongresuan lau talde parlamentario izateari, eta talde bateratua osatuko du Galizian eta Katalunian osatutako koalizioekin.
Valentziako koalizioaren baitan (Compromis-Podem), baina, Compromisen lau diputatuek errefusatu egin dute talde horretan parte hartzea, eta talde propioa izateko eskaria erroldatu dute.
Hori horrela, Podemosek En Comu (Katalunia) eta En Marea (Galizia) koalizioekin eta Valentziako parlamentari propioekin osatuko du taldea, eta denborak, ekimen eta proposamenak partekatu egingo dituzte.
Talde parlamentarioaren izena Podemos-En Comun-En Marea izango da, eta Pablo Iglesias izango du presidente, eta Iñigo Errejon bozeramaile. Bozeramaileordeak honakoak izango dira: Irene Montero (Podemos), Xavier Domenech (En Comu), Alexandra Fernandez (En Marea) eta Angela Ballester (Podemos Valentzia). Gainera, taldeko idazkari nagusia Carolina Bescansa izango da.
Errejonek prentsaurrekoan azaldu duenez, talde “plurinazionala” eta “konfederala” izango da.
PPk, PSOEk eta Ciudadanosek lau talde parlamentario izatea ukatu dietenez, talde konfederala eginez aniztasuna islatzea lortu dutela azaldu du Podemoseko bigarrenak.