Erregearekin bilera
Sanchezek Rajoyren 'porrotari' itxarongo dio Gobernua proposatzeko
Agentziak 1 Erredakzioa
Erregeari jakinarazi dio 'ezkerrari eta eskuinari eskua luzatzeko prest' dagoela, adostasunak eraikitzeko asmoz.
Pedro Sanchez sozialisten burua epeak agortzearen eta prozedura errespetatzearen alde azaldu da gaur. Esan duenez, jarduneko presidente Mariano Rajoyri dagokio lehendabizi inbestitzeko aukera izatea, eta, behin "porrot" egiten duenean, berak aldaketa Gobernu bat proposatuko duela.
"Rajoyren txanda da, baina espainiarrek ez dezatela zalantzarik izan Rajoyk porrot egiten badu, PSOEk ahalegin guztiak egingo dituela Gobernu aurrerakoi bat egon dadin", adierazi du Sanchezek Kongresuan eman duen prentsaurrekoan, erregearekin bildu ostean.
Sanchezek erregeari jakinarazi dio "ezkerrari eta eskuinari eskua luzatzeko prest" dagoela, adostasunak eraikitzeko asmoz, baina nabarmendu duenez, "lasterbideek ez dute balio", eta Rajoyk bere inbestidura aurkezteko "eskubidea, betebeharra eta obligazioa" duela azpimarratu nahi izan du.
Horren ostean izango da, Rajoyk porrot egiten badu, "PSOEk bere erantzukizunari eta obligazioari eta milaka espainiarren nahiari helduko dion unea, aldaketa zuzendu eta politika progresistak egingo dituen Gobernu egonkorra egon dadin".
Modu horretan Podemos, Ciudadanos eta beste alderdi politiko batzuekin adostasunetara heltzearen aldeko apustua egin du, eta "zortzi adostasun handi" proposatuko dizkie.
Azaldu duenaren arabera, adostasun horietako lehendabizikoa "ekonomiaren bidezko berpizkundea" izango da; bigarrena, kultura eta hezkuntzari buruzkoa, LOMCE legea bertan behera uzteko; hirugarrena, "PPk kaltetutako" ongizatearen Estatua berreraikitzea.
Horrez gain, Toledoko itunean adostasunak egotearen aldeko agertu da, pentsioak bermatzeko; baita bizitza demokratikoa leheneratzeko itun baten alde eta genero indarkeriaren aurkako beste itun baten alde ere.
Sanchezek azaldu duenez, zazpigarren akordioa "Europaren eraikuntzan Espainiak galdu duen papera berreskura dezala" izango da, eta azkena, PSOE proposatzen ari den Konstituzioaren erreforma.
aren erreforma.aren erreforma.