Negoziazioak
PSOEk ez du 'xantaian' oinarritutako proposamenen gainean negoziatuko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sozialisten esanetan, Rajoyk inbestidurarako hautagaitza aurkeztu edota Espainiako Gobernuko presidente izateari uko egin behar dio.
PSOEk gaur iragarri duenez, ez du "Gobernu egonkor alternatiboa osatzeko" negoziaziorik abiatuko beste alderdiekin eta, are gutxiago, "xantaian" oinarritutako proposamenak aintzat hartuta. Atzo, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak PSOEk, Podemosek eta IUk osatutako Gobernua osatzea proposatu zion.
Sozialistek ohar bat kaleratu dute eta bertan nabarmendu dute ez dutela negoziaziorik abiatuko "alderdiaren interesak herritarren interesen gainetik" jartzen dituztenekin.
"PSOEk harremanak eta elkarrizketak izan ditu eta izango ditu alderdi politiko guztiekin, egoera ebaluatzeko eta Espainiak dituen erronka larriei eta herritarrek dituzten arazoei nola aurre egin adosteko", gaineratu dute sozialistek.
Sanchez buru duen alderdiaren hitzetan, "onartezina" da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak uko egitea Felipe VI.a Espainiako erregeak inbestidura saiora aurkezteko egindako proposamenari, baina, aldi berean, haren hautagaitzari uko ez egitea. PSOEk prozedimendu demokratikoa betetzea defendatzen du eta, beraz, uste du Rajoyk "betebehar konstituzionala" duela erregearen enkargua onartzeko eta haren hautagaitza aurkezteko edota, hala ez bada, Espainiako Gobernu presidente izateari uko egiteko.
Bestalde, datorren asterako erregeak deitu duen bilera-erronda berria hizpide izan dute sozialistek. Horien esanetan, bilera-erronda horretatik Gobernua osatzeko agindua jaso beharko luke Diputatuen Kongresuan lehen indarra den alderdiko pertsona batek.
"Hori dela eta, bien bitartean, PSOEk ez du beste alderdiekin negoziaziorik abiatuko Gobernuko egonkor alternatiboa osatzeko eta, are gutxiago, alderdiaren interesak herritarren interesei lehenetsiz xantaian oinarritutako proposamenak egiten direnean", nabarmendu dute sozialistek.