Noos auzia
Cristina infantak akusatuen aulkian jarraituko du Noos auzian
Agentziak | Erredakzioa
Botin doktrina ez aplikatzea erabaki du Palmako Lurralde Auzitegiak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Balearretako Lurralde Auzitegiak hala erabakita, Cristina infanta akusatuen aulkian jarraituko du Noos auzian eta epaitu egingo dute bi delitu fiskaletan ezinbesteko laguntzaile izan zelakoan.
Estatuko Fiskaltzak, Abokatutzak eta defentsak eskatutakoaren kontrara, Botin doktrina ez aplikatzea erabaki du auzitegiak. Erabakiaren aurrean, justiziaren independentziarekiko "errespetu osoa" adierazi du Espainiako Erregetxeak.
Hala, herri akusazioa izateko legitimazioa eman dio Auzitegiak Manos Limpiasi. Gaur igorritako auto batean, infantaren defentsak planteatutako argudioa atzera bota du Lurralde-auzitegiak. Epaiketaren lehen saioan, Manos Limpiasek bakarka Cristina akusatzeko legitimitaterik ez zuela esan zuen abokatuak. Epaiketa urtarrilaren 11n hasi zen, Balear Uharteetako Administrazio Publikoaren Eskolan, Palman.
Infantaren defentsaren argudioa ez du onartu auzitegiak. Ahozko saioa zabaltzeko autoaren zati bat bertan behera uztea eta auzia artxibatzea eskatu zuen abokatuak, Cristinaren erantzukizunari dagokionean behintzat. Are gehiago, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak babesa eman zioten.
'Atsekabea'
Miquel Roca Cristina infantaren abokatuak Auzitegiaren erabakia "deitoratu" du, Gorenak ezarritako doktrina bat ez duelako aintzat hartu (Botin doktrina), akusazioaren tesiak aztertzeko garaian.
Bere bulegoaren atarian egin ditu adierazpenak, gaur, Rocak, albistea jakin berritan. Berretsi duenez, otsailaren 9an eseriko da infanta auzipetuen aulkian. Defentsak ezin du beste errekurtsorik aurkeztu, epaia kaleratu arte. Dena dela, abokatuak aurreratu du errekurtsoa ez, baina kexa bat aurkeztuko dutela gaurko ebazpenaren aurrean.
"Infanta defendatzen jarraituko dugu, eta ez da oso zaila izango. Infantak esateko duena oso sinplea da. Ez da zaila izango defendatzea, ikusiko duzue", esan du. Abokatuak azaldu duenez, erregearen arrebak orain erantzun beharko dituen galderek ez dute zerikusirik izango instrukzio fasekoekin, akusazioak ezberdinak baitira.
Bestalde, bere atsekabea agertu du Rocak, "beste behin", prentsaren bidez izan duelako epailearen autoaren berri.
Infantaren defentsak Manos Limpiasen legitimotasuna arbuiatzeko eskatu zion Auzitegiari, Konstituzionalaren eta Gorenaren doktrinak, eta beste zazpi lurralde-auzitegik ezarritako jurisprudentzia oinarri hartuta.
Herri akusazioak prozesua bakarka defendatzerik ez zuela ziurtatu zuen Silvak, Auzitegi Gorenak (2007ko Botin doktrina) ebatzi, eta ondoren Konstituzionalak berretsi bezala. Gainera, 2009az geroztik beste zazpi lurralde-auzitegik doktrina aplikatu dutela gogorarazi zuen infantaren defentsak.
Pedro Horrach Ustelkeriaren Aurkako fiskalaren ahotan, Cristinaren kontrako frogarik ez dago. Era berean, Botin doktrina infantari aplikatzea eskatu zuen Horrachek, Manos Limpiasek bakarrik Cristina akusatzeko legitimitaterik ez duelako. Horren ardura Ogasunak izan beharko lukeela erantsi zuen fiskalak.
"Ogasuna denak gara"
Dolores Ripoll Estatuko abokatuaren esanetan, zerga delituetan herri akusazioarentzako lekurik ez dago, kalteduna administrazioa, hau da, Ogasuna soilik delako. Horretarako, ?Ogasuna denak gara? leloak iragarkietarako bakarrik balio duela gogorarazi zuen.
Epaiketak otsailaren 9an jarraituko du
Afera hori ebatzita, epaiketak otsailaren 9an jarraituko du. Erruztatuen aulkian jarraituko dutenen testigantzarekin aurrera egingo du ahozko saioak. Deklaratzen lehena Jose Luis Pepote Ballester Balear Uharteetako Kirol zuzendari nagusi ohia izango da.
Bestalde, 370 lekuko inguruk deklaratu behar dute martxoaren 8tik maiatzaren 17ra bitartean, auzitegiak aurreikusitakoaren arabera.