Foro Soziala
Currin: 'Rajoyk huts egin die euskal zein Espainiako herritarrei'
Agentziak / Erredakzioa
Nazioarteko Harreman Taldea gizarte zibilarekin bildu da Gernikan. Brian Currinek esan duenez, "gizarteari dagokio orain armagabetzeari bultzada ematea, Madrili presio eginez".
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nazioarteko hainbat hizlari bildu dira gaur Gernikako Lizeo antzokian, ETAren armagabetzearen oinarriak finkatzen saiatzeko. Bake Bidea, Uharan eta Gernika-Lumoko Batzordea elkarteek antolatu dute, eta nazioarteko hainbat hizlari bilduko dituzte Lizeo antzokian. Bi arretagune nagusi izan dituzte ekitaldiek: ETAren armagabetzeari buruzko baldintzak, batetik, eta Kolonbiako bake negoziazioak, bestetik.
Orotara, 220 lagun elkartu dira Gernikan. Brian Currin eta Alberto Spektorowsky Harremanetareko Nazioarteko Taldeko kideekin batera, EAJ, Ahal Dugu, EH Bildu, LAB, STEE-EILAS eta CCOO eta beste hainbat gizarte eragile parte hartzen ari dira Foro Sozialean. Gainera, bertan dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko eta beste hainbat eragiletako kideak, horietako asko lankidetza arloan dihardutenak.
Brian Currin GIC Nazioarteko Harreman Taldeko kide eta abokatu hegoafrikarrak adierazi duenez, PPren Gobernuak ez du parte hartu bake-prozesuan eta, horren ildoan nabarmendu du Mariano Rajoyk “euskal gizarteari eta espainiarrari huts egin diela”.
Gatazkari konponbidea emateko biderik errazena “Madrilen gobernu berria” izatea dela esan du Currinek, gatazkaren konponbidea lehentasun moduan izango lukeen Gobernua, hain justu.
“Indarkeria garai honi behin betiko azkena eman nahi dion aldaketa gobernu bat baldin badago, gauzak apur bat azkarrago joango dira. Alderdiekin hitz egin dugu, eta badakigu batzuek irtenbide azkarra nahi dutela”, esan du.
Dena dela, PPk Gobernuak jarraitzen badu, “agerlekurik txarrena” izango zela nabarmendu du eta orduan, “gizarte zibilari dagokio aurrea hartzea armagabetzeari bultzada emateko”.
Armagabetzea
ETAk armak entregatzea “prozesuan une garrantzitsua” eta “derrigorrezko baldintza” dela adierazi du, beste gatazka batzuetan gertatu den bezala, Ipar Irlandan kasu.
Currinen esanetan, armen suntsipena “ez da amore ematea, keinu sinbolikoa baino”. Horrekin lotuta, armagabetzea “modu ordenatuan” egin behar dela, eta horretarako testuinguru egokia behar dela gaineratu du, “bertan parte hartuko dutenek ziurtasuna izan behar dute ez direla euren bila joango parte hartu izanagatik”.
Eusko Jaurlaritzak bake-prozesuan “modu eraikitzailean” parte hartzea defenditu du, eta “euskal gizarteko eragileek modu aktiboan esku hartzea” azpimarratu du.
Biktimak
Bi aldeetako biktimen arteko topaketak “beharrezkoak” direla esan du, “gertatutakoaren kontakizun hitzartua egiteko eta kaltetuek eragindako minaren aitortza ikusi eta zauriak senda ditzaten”.
Euskal Elizarekin harremanik ote duen galdetuta, “kontakturik ez” duela gaineratu du.