NEgoziaketak
Sanchezen eta Riveraren lantaldeak ostiralean hasiko dira negoziatzen
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchezek 'jarrera ona' ikusi du Albert Rivera Ciudadanos alderdiko buruarengan, baita alderdi biek elkar ulertzeko moduko 'gune komunak' ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Pedro Sanchez PSOE alderdiko idazkari nagusiak eta Ciudadanos alderdiko presidente Albert Riverak ostiral arratsaldean bertan negoziatzen has daitezela eskatu diete euren negoziazio-lantaldeei, alderdi bien arteko elkar ulertzeko guneak bilatzeko asmoz. Horiek oinarri izanda, konstituzionalista izango litzatekeen Gobernu batek hainbat erreforma gauzatuko lituzkete.
Sanchezekin ordubete luzez bildu eta, ondoren, Diputatuen Kongresuan eman duen prentsaurrekoan Riverak esan duenez, elkarrizketak bost ardatz izango ditu: gizarte politikak eta langabezia, berreraketa politikoa eta ustelkeriaren aurkako borroka, Konstituzioaren berriztatzea, ekonomia eta politika fiskala eta, azkenik, kanpo eta europar politika.
Horrez gain, Ciudadanoseko buruak adierazi du "Espainiak dituen bi arazo nagusiak" lehenestea adostu dutela: langabezia eta ustelkeria.
Bere aldetik, gobernuburua izateko PSOEren hautagai Pedro Sanchezek "jarrera ona" ikusi du Riverarengan, baita alderdi biek elkar ulertzeko moduko "gune komunak" ere.
Hala azaldu du bileraren ostean Kongresuan egin duen agerraldian. Agerraldi horretan jakitera emandakoaren arabera, "batzen dutenari" buruz hitz egin dute eta ez "eserlekuei" buruz.
Bien aburuz, une honetan alderdi politiko guztiek "hitz egiteko eta beto ideologikoak atzean uzteko" gertu egon behar dute.
PP kontuan hartzeko eskatu dio Riverak Sanchezi
Alderdi Sozialistaren idazkari nagusiak esan du ez dela momentua Gobernu berriak koaliziokoa izan behar duen ala ez erabakitzeko.
Hala ere, zehaztu du bere asmoa ahalik eta “zabalena” izatea dela eta horretarako negoziazioetan “alderdien edo ideologien kontrako betorik” ez jartzeko ezinbestekotzat jo du. Alabaina, berretsi egin du salbuespena PP dela, hots, Alderdi Popularrarekin gobernu itunik ez duela egingo.
Datorren astean Rajoyrekin bilduko bada ere, jarduneko presidentea “iragana” dela eta oposiziora pasatu beharko lukeela esan du.
Riverak, aldiz, Alderdi Popularra kontuan hartzea beharrezkoa dela uste du, besteak beste, hauteskundeak irabazi zituelako eta Senatuan gehiengoa duelako, eta hala adierazi dio Sanchezi.
Horrenbestez, Riverak iragarri du Ciudadanosek eta PPk datorren astean hasiko dituztela negoziazioak, adostasunetara heltzeko aukerak dituzten aztertzeko.
Riveraren iritzian, Espainiako Gobernu berriak ezin du Alderdi Popularra bazterrean utzi. “PSOEk eta PPk gerra hotza alboratu behar dute”, erantsi du.
Ildo horretan, Rajoyri zuzendu zaio eta jarrera “zurrunak” eta “maxima-listak” albo batean uzteko exijitu dio.
Bestalde, Pedro Sanchezen inbestidura saioan PPk abstentzioaren alde egin lezakeenaren balizko aukeraren harira, Mariano Rajoyk zalantza guztiak argitu ditu.
Alderdi Popularraren PSOEren buruzagiaren aurka bozkatuko duela azpimarratu du, ituna edozein delarik ere.