Eusko Legebiltzarra
Urkullu: 'Zubiak eraikitzen dituen Gobernu zentrala nahi dut'
Agentziak | Erredakzioa
“PPk izandako jarreraren guztiz kontrakoa” eta “itunaren espiritua berreskuratzen” duen Exekutibo zentral “egonkor” baten aldeko apustua egin du lehendakariak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
“PPk izandako jarreraren guztiz kontrakoa”, EAEko autogobernua errespetatu eta “itunaren espiritua berreskuratzen” duen Gobernu zentral “egonkor” baten aldeko apustua egin du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak.
Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzun dio Urkulluk Eusko Legebiltzarrean.
PSOEren eta Podemosen arteko akordio bati babesa ematea leporatu die PPko legebiltzarkideak Urkulluri eta EAJri. “Gobernu ahul bat indartzeko jokoan parte hartzen ari zarete, zuen agenda errazago aurrera eramateko”, adierazi du Llanosek.
“PSOEren eta Podemosen arteko akordio posiblea zentzuduna ez dela badaki zerorrek. Euskal gizartearen interesak babestu behar dituzu”, eskatu dio Llanosek Urkulluri.
Egonkortasuna gobernatzeko gehiengo absolutua eskuratzean soilik ez datzala erantzun dio lehendakariak. Urkulluren hitzetan, “horren adibide dira PPren lau urteak gobernuan; alderdi horrek ez du egonkortasunik sortu Lomce, lan erreforma, koordainketa, energia politika eta gizartearen eskakizunen inguruan”.
“Zubien haustura”
EAEko buruzagiaren ahotan, “zubien hausturak” ez du egonkortasunik sortu, ezta Jaurlaritzaren eta Legebiltzarrarekin zituen harreman guneak “ixtea” ere.
“Lau urte hauetako PPrekin akordioa ez da posible. Egonkortasunak elkarrizketa, negoziazio gaitasuna eta akordiorako borondatea behar ditu, eta azken lau urteetan horiek falta izan dira”, esan du.
Zentzu horretan, PPk gobernua osatzeko eta “akordioa bilatzeko” ardurari uko egin diola gogorarazi du Urkulluk. Ondorioz, “ez da ezer aldatu” alderdi horretan, lehendakariaren esanetan.
"Zergatik ez du inork PPrekin proiektua partekatu nahi?"
“Zergatik ez du inork PPrekin proiektua partekatu nahi?"”, galdetu dio lehendakariak Llanosi. “Bakean eta elkarbizitzan aurrera egin eta EAEko autogobernua errespetatu eta eguneratzeko lanean laguntzen duen” gobernu bat osatzea nahi duela argi utzi du Urkulluk.
“PPk izandako jarreraren guztiz kontrakoa, zubiak eraikitzen, konfiantza sortzen, nazio aniztasuna errespetatzen eta euskal agendari jaramon egiten dion gobernu egonkor bat espero eta nahi dut”, azpimarratu du EAEko agintariak. Azkenik, “euskal erakundeekiko harremanetan 180 graduko norabide aldaketa bat” beharrezkoa dela nabarmendu du.
nabarmendu du. nabarmendu du.